Amasa Villabonako udalak, instituzio publiko gisa, Emakumeen Mundu Martxari babesa adieraztea garrantzitsua dela deritzogu eta horretarako EH Bilduko udal taldeak Mozio hau aurkeztu du datorren asteleheneko (irailak 28) plenoan eztabaidatu eta bozkatu dadin:
MOZIOA:
Emakumeen Mundu Martxa 1995ean “Ogia eta larrosak” izeneko lehen martxa batekin hasi zen mugimendua da, ondoren Emakumeen Mundu Martxa (EMM) izena hartu zuena. Urteetan ekimen hau nazioarte mailan emakumeen arteko aliantzak sortzen aritu da lanean, eta helburu nagusi gisa sare feminista bat sortu eta munduan nagusi den matxismoa ikusaraztea izan du.
Hainbat ekimenen artean, bost urtetik behin nazioarte ekimen bat antolatzen da eta aurtengoa IV. Nazioarteko Ekintza izango da. Azken hau, Europa osoa zeharkatuko duen ibilbide batekin gauzatuko da, martxoaren 6an Kurdistanen hasi eta urriaren 17an Lisboan bukatuko dena. Hilabete hauetan zehar EMMko hainbat kide herrialde ezberdinetan barrena ibili dira, sarea sortu eta hainbat aldarrikapen zabaltzen. Martxa Euskal Herrira irailaren 28an helduko da Tafallara eta urriaren 4a bitarte herri ezberdinak zeharkatuko ditu Bilbon azken ekimen nazionalarekin amaitu arte.
Aurten lau lan-ildo adostu dira mundu mailako emakumeen sarearen eduki eta helburuak barnebiltzen dituztenak:
- Sistemarteko indarkeriak. Egunerokoan mendean hartu eta azpiratzen gaituzten eta gure gorputz eta lurraldeetan egikaritzen diren opresio sistema anitzak salatzen ditugu. Pobrezia, lurraldeen desjabetzeak, gure gorputzekiko eskubideak ukatzea, indarkeria zuzen, sinboliko eta kulturalak… batera jarduten dute emakume, trans, lesbiana, migrante, aniztasun funtzional, beltz edo indigenon gorputzen aurka. Indarkeria matxistaren konplexutasuna salatzen dugu eta aldi berea oinarria ikusarazten dugu, hau da, indarkeria matxistak beste hainbat indarkeriekin batera jarduten duela zeharlerro ezberdinen bidez.
- Bizitzaren iraunkortasuna bizitza erdigunean jartzea da eta inola mozkin ekonomikoa edozerren gainetik lortzea helburu duen merkatuen logikaren baitan. Jendarte bat ez da justua bizitza mantentzea helburu duten eta tradizionalki feminizatuak izan diren lan horiek ikusezin egiten dituen artean. Elikadura burujabetza, lurra txikitzeari, kutsatzeari, desjabetzeari eta lapurtzeari uztea, oinarrizkoa da.
- Gorputzak eta sexualitateak. Gure gorputzak gure lurraldeak dira, eta beraz, haiekiko jabetza eta autonomia aldarrikatzen ditugu. Gure gorputzen eta sexualitateen jabe gara, gure generoa nahi bezala definitzen dugu eta nahi ditugun harremanak ditugu. Lesbianon, transon, aniztasun funtzionalon edota arrazializatutako gorputzak borroka feministaren zati garrantzitsua dira.
- Sarean lan egitea eta aniztasuna kudeatzea. Lurralde ezberdinetatik gatozen emakumeak gara, bizipen, ibilbide, jakintza, gaitasun, identitate, borroka modu eta aldarrikapen ezberdinekin, eta horiek defendatu, balioetsi eta errekonozitu nahi ditugu, hierarkiarik ezarri gabe. Aldarrikatzen dugu aniztasuna aberastasun bat dela, ondasun komun bat, gu batzeko balio duena, eta patriarkatuaren oinordetzarekin, emakumeak historikoki etsaitu eta banatu dituen
tradizioarekin hausteko balio duena.
Amasa Villabonako udalak Emakumeen Mundu Martxari babesa eman eta bere esku dauden baliabideekin berdintasunaren alde lan egiteko eta neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du, helburu hauekin:
- Indarkeriari dagokionez, ekintza protokoloak martxan jarri, sentsibilizazioan lan egin eta indarkeria matxistari dagokion formakuntzak burutzea. Halaber, EMMren protokoloari gure babesa adierazten diogu eta indarkeria sexistaren aurkako salaketa eta deialdiekin bat egiteko konpromisoa hartzen dugu.
- Zaintzaileen bizitzak hobetzeko lan egitera eta zaintza lanak erazteko zerbitzu publikoak ahalbidetzera.
- Aniztasun sexuala eta genero identitatea kontuan izanik lan egitea, eta lesbofobia, transfobia, eta arrazismoaren aurkako planak burutzea.
- Emakumeen jabekuntza sustatzea eta baita saretze eta emakume taldeen sorrerak bultzatzea.
Gure babesa erakusten duen adierazpen hau Emakumeen Mundu Martxako Europako Ordezkaritzara bidalia izango da.