Errefuxiatuen krisia: Amasa Villabonako udalak Adierazpen Instituzionala kaleratu du alderdien adostasunarekin

Duela egun batzuk Amasa Villabonako EH Bilduk adierazpen instituzional proposamen bat helarazi zien udalean ordezkaritza duten EAJ eta PSEko ordezkariei. Proposamen hori pasa den asteko Udal Gobernu Batzordean eztabaidatu zen eta hiru alderdien artean adostasuna lortu zen. EH Bildutik, oso positiboki baloratzen dugu Amasa Villabonako udalak babes-herrien sarera batzeko konpromisoa hartu izana eta adierazpen honetan hartutako konpromiso ezberdinak bete daitezen lan egingo dugu, udalean sortuko den lan mahai espezifikoan aktiboki parte hartuz.

Hauxe da EAJk, EH BILDUk eta PSE-EEk adostutako Adierazpen Instituzionalaren testua:

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA:


Europako herrialdeetarako migrazio fluxua errealitate geldiezina da azken urteotan,besteak beste, jendarte zibila gogor zigortzen ari diren gerra eta gatazken ondorioz. Egoera honetan ihes egitea besterik ez zaie geratu euren bizitza salbu jarri nahi izan duten herritarrei.
Haien herrietatik ihesi datozen milaka eta milaka pertsonen heriotza eragiten duen egoera dramatiko baten aurrean gaude, eta horrela izanik, mendebaldeko agintarien ezintasuna eta geldotasuna gero eta nabariagoa den honetan, mundua ezin da lekuko isila izan.
Errealitate berri honen irtenbidea konplexua dela jakinik ere, eta oraindik herri bakoitzak hartu beharreko errefuxiatu kopurua zehaztu ez bada ere, uste dugu Erakundeen erreakzio azkar bat beharrezkoa dela.
Elkartasun adierazpen hau ez da gizatasun kontua soilik; arrazoi ezberdinengatik kanpora joan edota erbesteratu politiko bilakatu behar izan diren milaka euskaldunek jasotako elkartasunaren ordaina ere bada.

Honengatik guztiarengatik, Amasa Villabonako Udala osatzen dugun EAJ-PNV, EH BILDU, PSE-EEk honako Instituzio Adierazpena aurkezten dugu:


– Amasa Villabonako Udalbatzak, babes-herrien sarera batzeko konpromisoa hartzen du,horretarako harrera dispositiboak prestatuz eta herritarren inplikazioa sustatzeko lana eginez.


– Krisi humanitario honen aurrean modu aktiboan, elkartasunez eta giza justiziaz jokatzea exijitzen diegu Europar Batasuneko estatu kideetako agintari eta gobernuei; era berean, gerra hauetatik ihes egiten duten eta tragedia honen biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela ere galdegiten diegu.


– Amasa Villabonako Udalak munduko hainbat tokietan gertatzen ari diren gatazken eraginez lekualdatzera behartuak ikusi diren pertsonak babesteko plan bat osatzea eskatzen die gainerako euskal instituzioei, babes-herrien sarearekin bat egitea erabakitzen duten herriei beharrezko sostengua emanez.


– Amasa Villabonako Udalbatzak gainerako Erakunde zein udalerriekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzen du, babes sarea artikulatu eta handitzeko helburuarekin.


– Adierazpen honetan udalak hartzen dituen konpromisoen betetzea ziurtatzeko eta gai honi behar bezalako jarraipena egiteko, interesa duten herritar eta eragileei zabalik egongo den lan mahaian lan egin nahi duen guztiari Udaletxe honekin harremanetan jar dadin eskatzen zaio

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!