Hauxe da EH BILDUk aurkeztutako adierazpen instituzional proposamena:
Europako herrialdeetarako migrazio fluxua errealitate geldiezina da azken urteotan, ezberdintasun sozialen, krisi humanitario eta ekonomikoen eta Afrikako, Europa Ekialdeko eta Ekialde Hurbileko gatazka eta gerra gero eta ugariagoen ondorioz.
Honako hau drama humanoa da, haien herrietatik ihesi datozen milaka eta milaka pertsonen heriotza eragiten duena. Hala ere, mundua lekuko isila da eta mendebaldeko agintarien ezintasuna eta geldotasuna gero eta nabariagoak dira.
Azken urteotan barne gatazkek eragindako gerrek eta herrialde boteretsu batzuek bultzatutako okupazio militarrek exodoak eragin dituzte Sirian, Iraken, Libian edo Afganistanen. Azkenaldian, horri beste errealitate bat gaineratu zaio, fanatikoa eta muturrekoa, Ekialde Hurbileko herriek ez ezik, Europako herrialdeek ere pairatu dutena: atentatu bortitzak eta beldurra hedatzeko ekintza izugarriak.
Errealitate berri honen irtenbidea konplexua dela jakinda, onartezina da Europar Batasunaren eta haren gobernuetako agintari politikoen jardun mingarria. Gatazkek eta giza eskubideen urraketek eragindako migrazio fluxu honi ezin zaio erantzun mugak alanbre hesiekin itxiz eta jazarpen polizial edo militarraz, ezta bizirik jarraitzeko ihesi datozen pertsonen kopuruen kuotak ezarri eta banatuta ere.
Ez genuke inoiz ahaztu behar, gure herrian ihes egin beharra eta atzerrian errefuxiatu izatea ezagutu izan duten hainbat gizon emakume izan direla. 1936ko abuztuaren 16an armada frankistak armen indarrez Amasa Villabona bereganatu zuenean, asko izan ziren ihesari eman behar izan zioten amasa villabonatarrak. Gu ere iheslari eta errefuxiatuak izan gara.
Egungoaren antzeko krisi humanitario egoeretan, Amasa Villabonak elkartasun aktiboa erakutsi eta justizia eskatu izan du; horixe egin zuen Balkanetako gerraren garaian eta horixe egiten du besteak beste, palestinar edo saharar herriekin ere. Elkartasun horrek gure herria ezaugarritu du, eta oraingoan ere gizatasuna eta elkartasun aktiboa erakutsi eta lantzen jarraitu nahi dugu.
Honengatik guztiarengatik, Amasa Villabonako EH BILDUko udal taldeak honako ADIERAZPEN INSTITUZIONAL hau aurkezten du:
1.- Amasa Villabonako udalak, Siria, Irak, Libia, Afganistan eta beste herrialde batzuetako gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du. Zentzu honetan, Amasa Villabonako udala Europan zehar sortzen ari den “Babeserako Hirien Sarea” erakundeari batuko zaio. Era berean, giza eskubideen alorrean eta zehatzago errefuxiatuen aterpe, asilo eta babes kontuetan ari diren hainbat erakunderekin kontaktuak egiten hasteko erantzukizuna hartzen du udalak, gure herriaren eskaintza benetan behar duten pertsona errefuxiatuengana heldu dadin.
2.- Europar Batasunak erantzukizun garbia du errefuxiatuen exodoa eragin duen Ekialde Hurbilaren desorekatzean eta ondoriozko gerra eta giza eskubideen urraketa egoeretan. Horregatik, krisi humanitario honi modu aktiboan, elkartasunez eta justizia humanitarioaz erantzuteko eskatzen diegu bertako estatu kideetako agintari eta gobernuei. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak, modu duin batean hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzaten ere eskatzen dugu.
3.- Amasa Villabonako Udalbatzatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari tragedia honen aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezaten eskatzen dugu. Era berean, giza tragedia honen ondorioak arintzeko eskura dituzten bitarteko guztiak erabil ditzaten ere galdegiten dugu.
4.- Amasa Villabonako Udalbatzak, arestian aipatutako bi erakundeekin, Tolosaldeako udalekin eta Euskal Herriko beste udal batzuekin, errefuxiatu hauek hartzeko tokiko sare bat egituratzeko lan egiteko konpromisoa hartzen du.
5.- Adierazpen honetan udalak hartzen dituen konpromisoen betetzea ziurtatzeko eta gai honi behar bezalako jarraipena egiteko, interesa duten herritar eta eragileei zabalik egongo den lan mahai espezifiko bat eratuko da.
Amasa Villabonan, 2015eko irailaren 8an.