'Etxebizitza eta herri txikiak' solasaldia Alkizan

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosaldea 2026ko uztailaren 17a

Maite Peñacoba Etorlurreko zuzendari nagusia ariko da hitzaldi-solasaldian, uztailaren 22an, 19:00etan udaletxeko ganbaran.

Tolosaldeko EAJk hitzaldi bat egingo du uztailaren 22an Alkizan. Etxebizitza herri txikietan izenburua eramango du eta 19:00etan udaletxeko ganbara aretoan ariko da Maite Peñacoba, Etorlurreko zuzendari nagusia.

Etorlur Gipuzkoako Foru Aldundiko landa-ingurumeneko sozietatea da, eta haren helburuetako bat, hain zuzen, landa-ingurunean eta udalerri txikietan etxebizitzen sustapena egitea da. Ekimen honekin EAJk segida ematen dio interes handiko ekitaldi tematiko eta sektorialen programa bati. Lehen ziklo honetan hainbat hitzaldi antolatu dituzte hala nola Berastegin, Ikaztegietan eta Leintz Gatzagan. Ondoren, beste proposamen batzuk egingo dituzte.

Batetik, gizarteari interes eta aktualitate handiko gaiei buruzko informazio zuzena hurbildu nahi du EAJk; eta bestetik, herritarren parte hartzea sustatzeko baldintzak sortu nahi ditu. Elkarrizketa eta entzutea funtsezkoak dira politika publikoen garapenean. Era berean, gizarte eragile mota guztiekin adostasunaren bilaketa ere bai. Auzolana gure gizarteko aurrerabiderako giltzarria da, eta ildo horretan planteatu du EAJk Alkizako hitzaldia.

Etxebizitza politika

Etxebizitzaren eskasiari eta prezio garestiei erantzutea erabateko lehentasuna da EAJrentzat, bai hirietan, bai tamaina ertaineko udalerrietan, baita herri txikietan eta landa-ingurunetakoetan ere. Alkiza 370 biztanle inguru dituen herria da, eta hausnarketa gisa honetako herri batean kokatzeko aukera emango du hilaren 22ko hitzaldiak.

Hitzordua aukera paregabea izango da arlo honetarako euskal erakundeek egiten duten diagnostikoa eta diseinatutako estrategia ezagutzeko; baita gizarte osoaren eta, batez ere, bizitza proiektu autonomoa eraiki eta emantzipatu nahi duten gazteen gaur egungo eta etorkizuneko alternatibak balioesteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!