Zizurkilgo EAJren udal taldea kezkatuta agertu da 2026rako udal aurrekontuen aurrean, aurrekontu horiek ez direla nahikoak eta urrun daudela udalerriaren benetako eta premiazko beharretatik uste baitu. Talde jeltzalearen iritziz, gobernu-taldearen aurrekontu-proiektuak alde batera utzi ditu, berriz ere, funtsezko esparruak, hala nola gazteentzako etxebizitza, irisgarritasunaren hobekuntza, trafikoaren kudeaketa edo udal-zerbitzuen indartzea, aspaldidanik dauden arazoak betikotuz.
Talde jeltzalearen iritziz, aurrekontu hauek ez dute konponbide zehatzik eskaintzen, ezta Zizurkilgo erronka nagusiei aurre egiteko ibilbide-orri argirik ere. Adibide nabarmenetako bat saihesbidearena da, udalerriko trafikoa hobetzeko funtsezko azpiegitura baita, eta Aldundiak dagoeneko esleitu du aurrekontua, baina udalak ez du bultzatu. EAJk gobernu taldearen inplikazio handiagoa eskatzen du proiektu honek behingoz aurrera egin dezan.
Irisgarritasunari dagokionez, Bulandegi bezalako eremuetan jarduerarik proiektatu ez izana, nahiz eta legegintzaldiko planak berak arlo horretan aurrerapenak aurreikusten zituen deitoratu dute jeltzaleek. «Bete ez den beste konpromiso bat da», adierazi du Maije Zelaia talde jeltzaleko bozeramaileak.
Era berean, EAJk 2026ko aurrekontuek ez dutela inolako neurririk jasotzen gazteen ihesa geldiarazteko salatu du, alkateak berak publikoki onartutako arazoa, baina ez dela proiektu zehatz bihurtzen. «Horretan lanean ari direla aipatzen da, baina ez da aurkezten hori posible egiten duen planik, ekimenik edo hirigintza-plangintzaren aldaketarik», azaldu du Zelaiak.
Gobernu taldeak udal zerbitzuen eta udaleko langileen kudeaketan duen inkoherentzian ere jarri du arreta talde jeltzaleak. Beste administrazio batzuei zerbitzu publikoak zuzenean emateko eskatzen dieten bitartean, Zizurkilen behin eta berriz jotzen da zerbitzuak kanpora ateratzera eta langileen kontratu errepikariak egitera.
EAJk gogorarazi du azken urteotan funtsezko funtzioak kanpora atera direla, hala nola hirigintza aholkularitza, ingurumen arloa edo informatika zerbitzua, udal egitura egonkor eta ondo dimentsionatu baten alde egin beharrean. «Kanporatze berri baten berri dugun bakoitzean, gobernu taldeari helarazten diogu, eta osoko bilkuran ere argi eta garbi esan genuen», adierazi dute talde jeltzaletik.
EAJren iritziz, jarduteko modu horrek plangintzarik eta koherentziarik eza erakusten du, udalean bertan betetzen ez dena beste erakunde batzuei eskatzen baitzaie. «Ezin da kudeaketa zuzenik eskatu kanpoko kontratuen eta aldi baterako soluzioen bidez gobernatzen den bitartean. Zizurkilek zerbitzu publikoak kudeatzeko eredu serio, egonkor eta gardena behar du», azpimarratu dute.
Gobernu taldearen erantzun faltaren aurrean, talde jeltzaleak proposamen zehatz batzuk aurkeztu ditu Zizurkilgo herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta udalerriko egungo arazoei erantzuteko:
- Udaleko langileei buruzko azterlan bat egitea, estali gabeko beharrak detektatzeko, lana antolatzeko eta kontratazio berriak aztertzeko.
- Udal osoko bilkurak grabatzea, gardentasun neurri gisa eta herritarrek informazioa errazago eskura dezaten.
- Adinekoek behin eta berriz eskatzen duten komun publikoa jartzea.
- Gazteei zuzendutako etxebizitza-politikak bultzatzea, biztanleria finkatzeko eta udalerriaren etorkizuna bermatzeko.
- Aisialdirako eta kirolerako espazio berriak sortzea, hala nola kalistenia parke ba
Zizurkilek anbizio, plangintza eta koherentzia handiagoko aurrekontuak behar dituela azpimarratu du EAJk, herritarren egunerokoa hobetzeko eta etorkizuna izango duen herri proiektu bat eraikitzeko pentsatuak.