Zizurkilgo EAJ-PNVk abstentziora jo du 2024rako aurrekontuak ez daukalako ez iparrik ez proposamenik

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosaldea 2024ko ots. 19a, 09:33

Udal talde jeltzaleak adierazi du aurtengo aurrekontuak ez diela Zizurkilgo beharrei erantzuten eta EH Bilduk bakarrik babestu dituela

Joan den otsailaren 13an egin zen Udalean 2024rako aurrekontua onartzea helburu zuen ezohiko osoko bilkura, legegintzaldi honetan EH Bilduren gobernu-talde berriak aurkezten duen lehendabizikoa. EAJ-PNVren udal taldearen arabera, aurrekontua horrek, datozen 4 urteetarako alkatearen eta bere taldearen proiektu estrategikoak jaso beharko lituzke.

Ildo horretan, EAJk adierazi du udal gobernuak duela bi hilabete aurkeztu duela legegintzaldirako plana, baina 2024rako aurrekontuan ez dituela jaso plan horretako proposamen asko eta asko. EAJ-PNVren iritzian, aurrekontuak ez du jasotzen, besteak beste, Herrigunen hain beharrezkoa den transformadorea jartzeko partidarik, ezta zaintzaren inguruan beharrezkoa den azterketa egiteko edo/eta hondakinen bilketaren ingurukorik ere. Hori dela eta, jeltzaleek argi utzi nahi dute EH Bilduk ez duela inolako konpromisorik euren proiektuekiko.

Zizurkilekiko ilusio eta konpromiso ezaren adibide gisa, EAJren taldeak adierazgarritzat jo du 2023an EH Bilduk agindu zuen kirol gunearen kasua. Jeltzaleek ohartarazi dutenez, proiektu hori gauzatzeko partida paperean idatzitako zifra bat besterik ez zen izan EH Bildurentzat; izan ere, eurek proiektu izarra deitu zioten hori egiteko dirua ez zuten erabili esandako kirol-instalazioetarako baizik eta aurreikusi gabeko gastuak estaltzeko.

Bestalde, EAJ-PNVren udal taldea somatzen ari da obren eta zerbitzuen azpikontratazioak etengabe gora egiten ari dela, eta jokabide hori EH Bilduk gainerako alderdiei esaten eta eskatzen dienaren aurka doala, izan ere, haiek gobernatzen ez dutenean salatzen dutenaren kontra, esaterako zerbitzuak udalera itzultzea edo/eta zuzeneko kontratazioa.

Laburbildu, talde jeltzaleak adierazi du EH Bilduren aurrekontuak ez diela erantzuten Zizurkilek dituen erronka eta beharrei eta horregatik erabaki duela abstentzio kritikoaren alde egitea.

Inbertsiorik eza

Inbertsioei dagokienez, talde jeltzaleak ohartarazi du 2024rako aurrekontuan udal gobernuak nabarmen murriztu duela proiektuak gauzatzeko aukera. Horren harian, EAJk adierazi du EH Bilduk ez duela hitzik ere esaten eurek onartutako 2023-2026rako inbertsio planaz orain dela urte bete, eta ez dagoela horien berri jakiteko aukerarik.

Guzti horren adierazle, Bulandegiren obretarako partida dela azpimarratu du EAJ-PNV taldeak, izan ere inbertsio guztietarako aurreikusitako kopuruaren %50 baino gehiago bideratu dute, hau da guztizko 252.000 eurotatik 130.000. Gainontzekoa liburutegirako material-gastuak, piktogramak eta abar ordaintzeko izango omen da. Ez dute etorkizuneko proiekturik Zizurkilentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!