Tolosako EAJ-PNVk 2027ko aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu ditu

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa

Ekimenek hobekuntzak planteatzen dituzte espazio publikoan, etxebizitzan, tokiko merkataritzan, elkarbizitzan, gizarteratzean eta herritarren parte-hartzean

Tolosako EAJ-PNVko udal taldeak 2027ko Udal Aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu ditu, herritarren beharrei erantzungo dieten eta udalerriko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten jarduera zehatzak bultzatzeko helburuarekin.

Proposamenen artean, nabarmentzekoa da Santa Klara osoan esku-hartze integrala egitea, bai eta Zerkausiko goiko terraza birgaitzea ere. Azken eskaera hori 2023ko partaidetza-aurrekontuetatik zetorren.

Bizikidetzaren arloan, EAJ-PNVk Bizikidetza Mahaia berriz ere martxan ipintzea eta Bizikidetza arlorako aurrekontu-partida propioa sortzea proposatu du. 2024ko aurrekontuetarako jada eskaera hori egina zeukan talde jeltzaleak. Gaiak garrantzi haundia dauka, ikusirik azken boladan maila askotan ikusten dugun indarkeria, polarizazio eta bizikidetzaren aurkako gertakarien ondoren.

Tokiko merkataritzari dagokionez, talde jeltzaleak Gabonetako kanpaina bat martxan jartzea proposatzen du, enpresak herriko denda txikiei laguntzen inplikatzeko. Ekimenak planteatzen du enpresek langileei ematen dieten gabonsari tradizionala tokiko establezimenduetan gastatzeko bonuetan gauzatu ahal izatea. Horrela, Udalak enpresa bakoitzak emandakoaren kopuru baliokidea jarriko luke, eta kanpaina hori Tolosako Udalak,udalerriko enpresek eta herritarrek tokiko merkataritza sustatzeko elkarrekin egindako ekimena izango litzateke.

Beste proposamen bat da gaur egun Tolosako suhiltzaile-etxearen aurrean aparkatzen duten kamioientzako aparkaleku bat zehaztea, Tolosaldeko Ospitale Publiko berria jartzeko, beste toki batean aparkatu beharko baitituzte ibilgailu horiek.

Udal taldearen ustez ere beharrezkoa da Etxebizitza Bulegoa herritarrengana hurbiltzea. Udal talde jeltzaleak etxebizitza arloaren jarduera Tolosako bizilagunengana hurbiltzea proposatzen du, informazioa errazago eskuratzeko eta etxebizitzaren gaiari buruzko arreta hobetzeko.

Euskararen eta inklusioaren arloan, udako bi hilabeteetan Udal Euskaltegiko irakasle gehigarri bat kontratatzea planteatzen da. Helburua udalekuetan parte hartzen duten eta euskara ez dakiten beste tokietatik etorritako ikasleei euskararen irakaskuntza probetxugarriagoa era ludiko batean eskaintzea litzateke.

Era berean, EAJ-PNVk hautatua ez den eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko programa bat diseinatzea proposatu du. Hainbat ikerketen arabera, arazo horrek gazteei eta helduei eragiten die, eta eragin nabarmena izan dezake osasun mentalean. Proposamen zehatza bakardade-egoerak hautematean eta eragindako pertsonentzako erantzun zehatzak lantzean jarriko luke arreta.

Azkenik, EAJ-PNVko udal taldeak proposatzen du herritarrek parte hartzeko proiektu bat bultzatzea, Tolosako herritarrek San Frantzisko elizaren proiektuaren definizioan egindako ekarpenak jasotzeko, gune horren etorkizunean herritarren ikuspegia eta beharrak txertatzeko, batez ere elizaren zatiari dagokionez.

Proposamen multzo honekin, talde jeltzaleak 2027ko aurrekontuetan auzoen eta espazio publikoen hobekuntzan, tokiko merkataritzaren sustapenean, gizarte-arretan, euskararen sustapenean, etxebizitzarako sarbidean eta herritarren parte-hartzean oinarritutako jarduerak kontuan izatea nahi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!