EH Bilduk Hondakinen Mankomunitaterako onartu zuen liberazio politikoarekin kritiko: egiturazko kostuak gorantza eta birziklatze portzentaiak beherantza
Legegintzaldi honen hasieran oso kritikoak izan ginen EH Bilduk eskualdeko hautetsi bat Hondakinen Mankomunitateko gidaritza bere gain hartu ahal izateko lanaldi osoz liberatzeko hartutako erabakiarekin. Eta oso arrazoi sinple batengatik izan ginen kritiko: liberazio politiko batek herritarrentzat kostu gehigarri bat ekartzen duelako eta, beraz, kudeaketan hobekuntza bat suposatu beharko lukeelako. Ez dugu inolaz ere zalantzan jartzen, erantzukizun publikoak dituzten pertsonei, beren betekizunak behar bezala aurrera eramateko denbora bermatu behar ez zaienik. Zalantzan jartzen duguna da Hondakinen Mankomunitateko aurrekontuetan egiturazko kostu gehigarri bat txertatzea, eta erabaki horrek zer onura zehatz suposatu dituen egiaztatzerik ez izatea.
Bada, gainera, bereziki garrantzitsua iruditzen zaigun elementu bat. Liberazio horrek, funtzionatzeko zegoen modu bat aldatzea ekarri zuen. Aurreko legegintzaldietan, Tolosaldeko Hondakinen Mankomunitatearen kudeaketa inolako liberazio politikorik gabe egin zen; urteetan, erantzukizunak hautetsiek hartu zituzten beren gain, inolako kostu gehigarririk erantsi beharrik izan gabe.
Horregatik uste dugu zilegi dela galdera bat planteatzea: zer aldatu da ordutik hona eta zer emaitza eman ditu kudeaketa-formula berri honek? Birziklatze portzentaiak ez dira hobetu Tolosan, guztiz kontrakoa: hondakinen birziklatze portzentaiak ia 4 puntu egin du okerrera Tolosan legegintzaldi honetan. Horregatik, liberazioaren balorazioa eskatu dugu urtero. Hala ere, orain arte ez dugu ebaluazio horren inguruko informaziorik jaso.
Horrek funtsezkotzat jotzen dugun gai batera garamatza. Erabaki batek kostu gehigarria badakarkie herritarrei, haien onurak ere identifikatu ahal izatea da zentzuzkoena. Gai ez bagara onura horiek ezagutzeko, eta, gainera, zerbitzuaren emaitzek ez badute erakusten kostu hori justifikatzeko moduko hobekuntzarik, ezin dugu onartu kostu gehigarri hori Tolosako herritarrek beren gain hartu behar dutenik. Hori da talde jeltzaleak zaborren tasaren igoeraren aurka bozkatu izanaren funtsezko arrazoietako bat.
Zabor-tasa bidezkoago baterako proposamena: gutxienez 2 kasuistika azaleratzea
Tolosako EAJ-PNVtik uste dugu beharrezkoa dela zaborren tasa berrikustea, aplikazioa bidezkoagoa izan dadin eta etxe mota desberdinak kontuan har daitezen.
Ildo horretan, pertsona bat bakarrik bizi den etxeetan zabor-tasa txikiagoa ordaintzea planteatu dugu, sortutako hondakinen kopurua, oro har, hainbat pertsonak okupatutako etxebizitza batean baino txikiagoa baita.
Era berean, beharrezkotzat jotzen dugu etxebizitza hutsen egoerari heltzea. Etxebizitza horiek Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) errekargua badute hutsik egoteagatik, eta horregatik uste dugu egoera hori ere kontuan hartu behar dela zaborren tasa aplikatzerakoan. Jendea bizi ez den etxebizitza batek ez du hondakinik sortzen etxebizitza okupatu baten baldintza berberetan, eta, beraz, ez luke tasa bera jasan behar.
Gure ustez, proposamen biak nahiko arrazoizkoak dira, eta kontuan hartu beharko lirateke tasa bidezkoago baterantz aurrera egiteko, etxekoen unitateen inguruabarrekin bat etorriz.
Tamalez, EH Bilduko Udal Gobernuak ez ditu baloratu ere egin nahi izan proposamen hauek. Hori izan da EH Bilduk proposatutako zaborren tasaren berrikuspenaren aurka bozkatzera eraman gaituen bigarren arrazoia.
EAJ-PNVk lanean jarraituko du tolosarren errealitatera eta beharretara hobeto egokituko den Ordenantza Fiskal baten alde.