Kontribuzioaren igoera emango da, EH Bilduko udal gobernuarekin 2025eko udal inbertsioak ezin baxuagoak izan diren testuinguru batean
Tolosan aplikatzen den Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ("Kontribuzio" izenez ezagutzen dena) Gipuzkoa osoko ia handiena da, aurretik Azpeitia eta Soraluze baino ez dituelarik. Esanguratsua da Tolosan aplikatzen den tasa Donostiakoa baino % 58,54 handiagoa edo Errenteriakoa baino % 31 handiagoa izatea. Aldi berean, 2025ean udal inbertsioen % 17a gauzatu zen Tolosan. Udal inbertsioen maila oso handia balitz ere, ez da onargarria Tolosan Gipuzkoako beste inon baino ekarpen handiagoa egin behar izatea herritarrek, baina gainera, udal inbertsioen gauzatze maila hain baxua izanik, herritarren ahalegin hori gehiegizkoa dela iruditzen zaio talde jeltzaleari.
Iaz, EAJ-PNVk eskaera bera egin zion EH Bilduri, Tolosako Udalak zituen aurrezkiak inbertitzeko gaitasunik ez zuela argudiatuz; izan ere, garai hartan planifikatzen ziren inbertsioen eta benetan gauzatzen zirenen arteko aldea nabarmena zen; iaz, inbertsioen gauzatze-maila % 26koa izan zen. Ikusten dugunez, egoera horrek okerrera egin du, baina tolosarrei OHZn eskatzen zaien ahalegina ez da egokitu udal hobernuak egindako kudeaketa eskasarekin alderatuta.
Hori dela eta, Tolosako EAJ-PNVk irailaren 24ko ohiko Osoko Bilkuran OHZn aplikatzen den tasa jaistea proposatu zion EH Bilduko Udal Gobernuari, Tolosako herritarrek ordaindu beharreko zerga aurreko urtearekin alderatuta igo ez zedin. Proposamen hori ez zuen onartu EH Bilduk.
Etxebizitza hutsei kontribuzio edo OHZn aplikatutako errekarguaren igoera, aldez aurreko azterketarik gabe
EH Bilduko udal gobernuak etxebizitza hutsen errekargua % 100etik % 150era igotzea onartu du. Igoera hori EAJ-PNVk aurka egin zuen iraileko ohiko osoko bilkuran, arrazoi hauengatik:
- Hutsik dauden etxebizitzek % 100eko errekargua ordaintzen dute jada kontribuzioan. Ez da aldez aurretik azterketarik egin, duela urte batzuk adostu zen % 100eko errekarguak benetan eragin positiborik izan ote duen ikusteko etxebizitza horiek mobilizatu eta merkaturatzeko garaian. Neurri ideologiko hutsa dela iruditzen zaigu, oinarri analitiko sendorik gabea.
- Talde jeltzalea udalak herritarrekin batera lan egitearen aldekoagoa da, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko. Neurri zigortzaileekin batera, pizgarriak eman behar zaizkie jabe txikiei hutsik dituzten etxebizitzak alokatzeko, segurtasun juridiko handiagoa emanez.
- Hori dela eta, Tolosako EAJ-PNVk Etxebizitza gaietarako Udal Bulego bat eskatu izan du kalean bertan, eta ekimen horretarako partida espezifiko bat aurrekontuetan. Udal gobernuak orain dio zentzu horretan proaktiboagoa izango dela; zoritxarrez, ia legegintzaldi osoa galdu du.
- Udal Gobernuak konponbideak bilatu behar ditu. Era berean, nola da posible Udalak berak bere eraikin asko hutsak dituen bitartean, bizitegi-larrialdiaren testuinguru honetan, zama herritarrengan jartzea zergetan horrelako errekarguak ezarriz? Nola da posible legealdi oso bat eramatea Iurramendiko belaunaldien arteko etxebizitza babestuei buruz hitz egiten, haien sustatzaile bakarra Tolosako Udala izanik, eta legegintzaldia ia amaituta dagoenean ia abiapuntuan jarraitzea? Ezin zaie ahalegin hori eskatu herritarrei, nork bere buruari berdina exijitzen ez dionean.
- Duela bi urte, talde jeltzaleak kontribuzioan % 150eko errekargua eskatu zuen etxebizitza turistikoetarako. Etxebizitza mota desberdinak dira, irabazi-asmoa dutenak, eta, beraz, bestelako fiskalitatea behar zutela defendatu genuen. Planteatu zenean EH Bilduko udal gobernuak ez zuen proposamena onartu, eta orain aplikatuko zaie, baina gainerako etxebizitza hutsei bezala, azken hauen kasuistika erabat desberdina izanik.
Talde jeltzalearen ustez, EH Bilduko udal gobernuak oposizioarekin Ordenantza Fiskalaren berrikuspena negoziatzeko eta adosteko gogo eza erakutsi du. Nolanahi ere, EAJ-PNVk lanean jarraituko du Tolosako herritarren beharrei erantzungo dien Ordenantza Fiskal baten alde.