Legealdiaren azken txanparen atarian, Tolosako EAJ-PNVtik gure balorazioa helarazi nahi dugu EH Bilduko egungo Udal Gobernuak Zumarditxikiari dagokionez hartu dituen erabakien inguruan. Eta jarrera argi batetik egiten dugu: espazio hori berreskuratzea defendatzen jarraitzen dugu, tolosarrek erabili eta gozatu dezaten. Aurreko Udal Gobernuak bultzatu zuen ideia hori eta indar politiko guztien oniritzia izan zuen.
Aurreko legegintzaldiaren amaierako adostasun sozialak funtsezko baldintza bat ezarri zuen ordea: Zumarditxikitik ibilgailuak ez ateratzea, desagerraraziko ziren aparkaleku plazentzat irtenbide bat eduki arte. Gainera, Alde Zaharreko auzo-ordezkariekin adostutako erabakia izan zen, orduan entzun eta ulertu genuen — eta oraindik ere ulertzen dugu — eskaera bati erantzunez.
Zentzu horretan, hiru urte geroago, uste dugu konpromiso hori ez dela bete. Autoak erretiratu egin dira, baina aparkalekuaren gaiarentzat irtenbide integralik eskaini gabe eta etorkizunerako zer Zumarditxiki nahi dugun zehazten duen proiektu argirik mahai gainean ipini gabe.
Aparkalekuari dagokionez, neurri sakabanatuak metatu dira udalerrian zehar, baina ez dago azpiegitura berririk edo plangintza orokorrik aparkatzeko beharrei erantzuteko. Arazoa ez da konpondu; neurri handi batean, Tolosako beste eremu batzuetara lekualdatu da.
Egia da aparkaleku berri batzuk sortu direla, baina egia da baita ere beste plaza batzuk deuseztatu egin direla, Iurramendi kalean edo Foruen etorbidean, adibidez. Kasu batzuetan, aparkatzeko plaza berri horiek nabarmen eragin dute udalerriaren mugikortasunean, eta beste batzuetan, berriz, modu informalean aparkatuta zeuden guneak antolatu dira, eta, beraz, nekez aurkez daitezke arazoaren egiturazko konponbide gisa. Beraz, puntu batzuetan plazak sortzen dituzten, beste batzuetan tokiak kentzen dituzten eta herri osoko mugikortasunari eragiten dioten erabaki sorta baten aurrean gaude, sakoneko arazoari heldu gabe eta hartutako erabakiek trafikoari nola eragiten dioten nahikoa aztertu gabe.
Zumardi Txikian egindako esku-hartzeak behin-behinekotasun eta inprobisazio sentsazio kezkagarria transmititzen du. Ez genuke nahi EH Bilduko Udal Gobernu honek hainbeste aldarrikatzen duen hirigintza taktikoa adabaki edo lardaskeria urbanistikoaren antzeko zerbait izatea. Horren adibiderik nabarmenena Santa Klarako markesina berria da: zebrabide baten gainean jarri da, bidegorriaren amaieran, eta egoera nahasi eta arriskutsua sortu du oinezkoentzat, bizikletentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat. Era berean, autobusek geldialdia egiten dutenean, ia zirkulazio-errei osoa hartzen dute, eta trafikoaren arintasuna zailtzen dute.
Markesina kokatu den espazio horrek ere funtzio garrantzitsuak betetzen zituen Alde Zaharreko eta udalerri osoko bizilagunentzat — biltzea, elkartzea, kargatzea eta deskargatzea —, eta hori erabat ahaztu da egin den esku hartzean.
Era berean, kezkatzen gaitu horrelako jarduera batek benetako parte-hartze prozesurik eduki ez izanak. Ez da elkarrizketarik sustatu oposizioko taldeekin, ezta herritarrekin ere, aurreko proiektuko zer elementu erreskatatu zitezkeen aztertzeko edota proposamen berri batean beste sentsibilitate batzuk nola txertatu ikusteko.
EAJ-PNVren ustez, Zumardi Txikiak etorkizuneko ikuspegia txertatuko duen jarduera integrala behar du, ez esku-hartze partzialen batuketa bat. Tolosarrentzako espazio hori berreskuratzearekin batera, plangintza bat egin behar da, aparkaleku-beharrei erantzuteko, Santa Klara kaleko mugikortasuna antolatzeko eta ingurune osoaren irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko. Eta ibaiarekin duen harremanean pentsatuz egin behar da, aukera aprobetxatuz Zumardi Txiki espazio irekiagoa bihurtzeko, babesleku klimatiko berdea, irisgarria eta hiriarekin konektatua.