EH Bilduko Udal Gobernua 2025erako aurreikusi ziren inbertsioen %17 bakarrik exekutatzeko gai izan zen iaz

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2026ko uztailaren 13a

Kezka sortzen duen eta hausnarketara bultzatzen duen datua da ekaineko Osoko Bilkuran aurkeztu zen iazko inbertsioen egikaritze maila, are eta gehiago pandemia bezalako garai latz batean aurreko Udal Gobernuak %20ko exekuzio maila erdietsi zuenean

Inbertsio publikoa funtsezko motorretako bat da edozein udalerritako bizi-kalitatea hobetzeko. EH Bilduko Udal Gobernuak, iaz aurrekontuetan aurreikusi zituen inbertsioen %17a baino ez du gauzatu, 2025. urteko aurrekontuaren likidazioak erakutsi duen bezala. Talde jeltzaleak, aspaldian gogoratzen dugun garai gogorrenean, pandemian alegia, %20ko exekuzio maila erdietsi zuen inbertsioetan. Beraz, datu hau kezka handiz jaso du EAJ-PNVko Udal Taldeak eta EH Bilduko Udal Gobernuari hausnarketa eta birplanteamendu sakona eskatu dizkio.

Exekuzio maila baxu hori ez da soilik datu tekniko edo administratibo bat. Gure udalerria eraldatu eta onura ekar lezaketen azpiegiturei eta proiektuei zuzenean eragiten dien errealitate ukigarria islatzen du. Inbertsioak gauzatzen ez direnean, kaleak, parkeak, kirol-instalazioak eta funtsezko beste azpiegitura batzuk ahaztuta geratzen dira, gure komunitateak merezi eta behar duen aurrerapena atzeratuz. Denok gogoratuko ditugu Trianguloko zorua, Iurreko plazak, Gorriti, Soldadu-Beotibar-Lekuona bezalako obrak, martxan egon behar zutenak eta behar handia daukatenak, eta oraindik ere hasteke daudenak.

Talde jeltzaleak argi adierazi nahi du inbertsioen %17ko exekuzio maila kezkagarria baldin bada, are kezkagarriagoa dela honek izan duen bilakaera. 2023. urtean, EAJ-PNV lehen urte erdian oraindik ere gobernuan zegoenean, proiektuak planifikatu eta martxan jarriaz, inbertsioen exekuzio maila %46koa izan zen; 2024. urtean, EH Bilduren gobernupean, egikaritze maila %26ra jaitsi zen; baina 2025eko inbertsioen gauzatzea %17ra erori da. Datuak berak, errealitatean islatzen direnak, kezkagarriak dira, baina eboluzioa are kezkagarriagoa da. Ezin dugu ahaztu, EH Bildu Udal Gobernura iritsi eta bakarrik gobernatzen hasi zen urte horretan, pertsonal gastua %6 igoko zuela komunikatu zuela, inbertsioen egikaritze maila nabarmenki hobetzeko asmoz. Hona hemen emaitza: gastu arrunta igo da, baina proiektu askoz gutxiago aurrera eraman dira.

Udal bat existitzen da herritarrei zerbitzua emateko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko. Eta horretarako, dauzkan baliabideei ahalik eta etekin handiena atera behar die. Talde jeltzaleak argi ikusten du: Udal bat ez da aurrezki kutxa bat, eta hori kontuan izanik, dauzkan baliabideak herriari zerbitzu on bat emateko erabili behar ditu. Gastu arrunta igotzen bada, eta hau inbertsioen gauzatzean ez bada islatzen, Udalaren aurrezkia nondik datorren argi dago: herriak behar dituen inbertsioak ez gauzatzetik, gastu korrontea igo den arren. Ez da agertoki baikor bat begi aurrean duguna.

Talde jeltzaleak hausnarketa eta eskaera bat egin dio Udal Gobernuari: diagnostiko eta azterketetan indar eta energia gutxiago erabiltzea eskatu dio, benetako proiektuak gauzatzen hasteko. Hiru urte daramatza EH Bilduk Udal Gobernuan eta plan integraletatik haratago joateko unea aspaldi iritsi zen: Alde Zaharrean ezer gutxi egin da, azterketaren emaitzen zai jarraitzen dugularik; aurrekontu parte-hartzaileen gauzatzea ez da konkretatzen, eta komunikatiboki AuzoEkin programa bolo-bolo dabilen bitartean emaitza ukigarriak eskasak dira.

EAJ-PNVren aburuz, Tolosa bezalako herri batek ezin du urte bat baino gehiago pasa hirigintza-bururik gabe. Honek ezinbestean dauka eragin negatiboa inbertsioen exekuzioan; proiektuek eta sailek eragozpen handiak aurkitzen dituzte aurre egiteko zuzendaritzarik gabe. Oztopoak dituzten Ibarralde bezalako proiektuetan aurrera egiteko zailtasuna handitzen da hirigintza-bururik gabe; Iurreamendiko udal etxebizitza intergenerazionalak ere geldirik daude; eta horrela gai askotan.

Ezinbestekoa da Udal Gobernuak ahalegina egitea joera horri buelta emateko. Emaitzak eta atzerapenak justifikatzen saiatzeaz gain, neurri arin eta eraginkorrak ezarri behar ditu, baliabideak desblokeatzeko, obrak bizkortzeko eta euro publiko bakoitza komunitatearentzako onura bilakatzeko. Horrela bakarrik eraikiko dugu etorkizun sendoagoa, justuagoa eta guztiontzako oparoagoa.

Gure herritarrek erantzukizunez, konpromisoz eta ikuspegi argiz jokatuko duen Udala merezi dute. Inbertsioen exekuzio txikia ez da arau bihurtu behar, herria paralisi egoeran dagoelako.

Talde jeltzaleak gutxienez aurreko EAJ-PNVko Udal Gobernuak lortutako exekuzio-mailara iristeko eskaera egiten dio EH Bilduko Udal Gobernuari, helburua legealdiz legealdi hobetzen joatea izan behar duelarik, Tolosa geroz eta bizigarriago bat lortzeko asmoz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!