Osasun Sailak Ospitale Publiko berria eraikitzeko partzelaren lagapena formalki eskatu dio Tolosako Udalari, eta laster esleituko du proiektuaren idazketa

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2026ko ekainaren 1a

Alberto Martinez sailburuak Eusko Legebiltzarrean defendatu zuen pasa den ostiralean etorkizuneko ospitaleak Tolosaldeko osasun-arreta hobetuko duela zerbitzu gehiagorekin, Donostiarekiko koordinazio hobearekin eta asistentziaren kalitate handiagoarekin. Proiektua aurrera doa plangintzarekin: dagoeneko baditu onartutako plan funtzionala, 2026rako aurrekontua eta azpiegitura berrirako partzela bat (Iurramendin)

Osasun Sailak Tolosako ospitale publiko berria eraikitzeko partzelaren lagapena formalki eskatu dio Tolosako Udalari. Gainera, proiektuaren idazketa esleituko du aste gutxi barru. Hori azaldu zuen pasa den ostiralean Osasuneko sailburu Alberto Martinezek Eusko Legebiltzarrean, eta adierazi duenez, zentro berri hori “eraikitzen ari den errealitatea da dagoeneko”.

Martinezek adierazi zuen etorkizuneko ospitaleak nabarmenki hobetuko duela Tolosaldeko osasun-arreta. Azpimarratu zuenez, ez da bat-bateko erabakia, Osasun Saila 2024ko irailaz geroztik eskualdeko eta Donostiako alkateekin, gizarte-eragileekin, plataformekin eta osasun-arloko profesionalekin batera egiten ari den azterketa- eta entzute-prozesu zorrotz baten emaitza baizik.

Azaldu zuenez, ospitale berria ondorio partekatu batetik sortu da: Tolosaldeak ospitale publiko bat behar du, baina baita sare zabalago batean integratutako zentro bat ere, ahalik eta arretarik onena bermatzeko. Horregatik, ospitalea Donostialdeko ESIarekin eta bertako konplexutasun handiko zerbitzuekin eta profesional espezialistekin konektatuta egongo da.

Sailburuak adierazi zuen integrazio horrek osasun-emaitzak hobetu, bikoiztasunak murriztu, koordinazio-arazoak saihestu eta arreta seguruagoa eta eraginkorragoa ahalbidetuko duela.

Tolosako Ospitale Publikoak erabakimen handiko kanpo-kontsultak, erresonantzia magnetiko propioa, ebakuntza-gelak, ospitalizazioa, endoskopiak, larrialdiak eta hainbat prozedura diagnostikotarako gelak eskainiko ditu. Planak 77 ohe (90era bitarte gehitu ahal izango dira, etorkizuneko beharren arabera), 4 ebakuntza-gela, urtean 3.600 kirurgia baino gehiago, 3.000 endoskopia inguru eta Gipuzkoarako teknologia diagnostiko aurreratua aurreikusten ditu.

Espezialitate ugari ere eskainiko ditu, hala nola digestio-arloa, kardiologia, neurologia, traumatologia, ginekologia eta maiz erabiltzen diren beste laguntza-arlo batzuk. Sailburuak defendatu zuenez, horri esker “zerbitzu gehiago, hurbilago eta Osakidetzaren estandarrekin” eskaini ahal izango dira.

Hobekuntza-neurriak Tolosaldean

Proiektuak aurrera egin ahala, Osasun Saila dagoeneko hobekuntza-neurriak aplikatzen ari da inguruan. Haien artean, barne-medikuntza indartzea, asistentzia anbulatorioa hobetzea, pazienteak Donostialdeko zirkuituetan integratzea eta profil profesional berriak sartzea.

Sailburuak gogorarazi zuen, halaber, proiektuak plan funtzional asistentzial bat duela, profesionalek onartu dutena, eta lanaren zati bat dagoeneko abian dela, Tolosaldeko eta Donostialdeko ESIetako taldeekin. Gainera, proiektua idazteko 2026an onartutako aurrekontu-partida bat dago, eta, hiri-antolamenduko plan orokorra aldatu ondoren, partzela bat aurreikusi da.

 “Hori ez da promesa bat; errealitatea eta hasitako bidea da”, laburbildu du Martinezek Legebiltzarrean eskaini zuen hitzaldian. Amaitzeko adierazi zuenez, helburua Tolosaldeko herritarrentzat arreta hurbilagoa, integratuagoa eta kalitate handiagokoa bermatzea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!