Duela egun batzuk, frantziskotarrek aurten bertan Tolosa utziko dutela jakinarazi zuten, gure herrian hamarkada luzez presentzia izan ondoren. Oraindik euren jardunarekin jarraitzen duten arren, bidezkoa iruditzen zaigu urte hauetan guztietan egindako lana eta herriari eskainitako konpromisoa aitortzea eta eskertzea.
Iragarpen honek agertoki berri bat irekitzen du gure herriko eraikin esanguratsuenetako batentzat: San Frantzisko elizarentzat. Gure ustez, une egokia da eraikin honen etorkizunaren inguruko hausnarketa partekatua egiteko, eta, horregatik, Tolosako Udalak eraikina erosteko aukera aztertu beharko lukeela uste dugu.
Proposamen hau hiru arrazoi nagusitan oinarritzen da.
Lehenik eta behin, etxebizitzaren auzia dago. Gaur egun, tolosarron kezka nagusietako bat da, bereziki gazteen artean. San Frantzisko eraikinak bizitegi-proiektu berriak garatzeko aukera eskain dezake, herrian etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzen lagunduz.
Bigarrenik, eraikinaren erdiko nabeak aukera interesgarriak eskaintzen ditu kultur erabileretarako eta herriko kultur azpiegiturak berrantolatzeko. Tolosa kultur jarduera bizia duen herria da, eta espazio berriak behar dira etorkizuneko beharrei erantzuteko.
Azkenik, ezin dugu onartu herriaren erdigunean halako eraikin bat hutsik eta erabilerarik gabe geratzea. Herrigune bizi eta dinamiko baten alde egin nahi badugu, espazio estrategiko hauek herritarren zerbitzura jartzea ezinbestekoa da.
Asisko Frantzisko-k esandako hitz ezagun batzuek dioten bezala: “Has zaitez beharrezkoa dena egiten; gero egin ahal duzuna, eta bat-batean, ezinezkoa zirudiena egiten ariko zara.”
Horregatik guztiagatik, San Frantzisko eraikinaren etorkizunari anbizioz eta ikuspegi komunitarioz heltzeko garaia dela uste dugu. Tolosarentzat ilusio berriak eta aukera berriak sortuko dituen proiektu baten alde egiten dugu.