TAO (Trafikoa eta Aparkalekuaren Ordenantza) berrituan EAJ-PNVk herriarentzako ekarpen positiboak egin ditu

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2026ko maiatzaren 11

Talde jeltzaleak 3 zuzenketa eskatu ditu ordenantzan: 1) TAO eremuan aparkatzerakoan lehen 20 minutuak doan izatea; 2) Monteskue auzoko bizilagunei bertakoentzako txartela ematearen erabakia landa auzo guztiei zabaltzea; 3) Garajea dutenei eta bertakoentzako txartela ukatzeko erabakian, salbuespen batzuk jasotzea kasuistika zehatz batzuei erantzun asmoz.

Trafikoa eta Aparkalekuaren Ordenantzaren (TAO) helburu nagusiak hauek dira: herri barruko bideen erabilerak arautzea; aparkalekuak erabiltzaile guztien artean ekitatez banatzea; bateragarri egitea ibilgailuen trafikoaren arintasuna eta kaleetako oinezkoen erabilera; aparkaldi mugatuko neurriak ezartzea; aparkalekuen errotazioa bermatzea; eta arreta berezia eskaintzea mugikortasun murriztua duten eta autoa erabiltzen duten pertsonei; garrantzitsuenak aipatzearren.

Urteak dira TAO sistema Tolosan martxan ipini zela eta egokia ikusten du talde jeltzaleak ere ordenantza eguneratzea eta gaurkotzea.

Zentzu horretan, EH Bilduk aurkeztu duen testua hobetu du EAJ-PNV Udal Taldeak.

  • EAJ-PNVk txertatzea lortu duen lehen neurria: TAO eremuan aparkatzerakoan lehen 20 minutuak doan izatea

Kontutan izanik, TAO sistemak aparkalekuen errotazioa duela helburu, eta helburu nagusia ez dela diru-bilketarena, lehen minutuak doan izatea lortu du talde jeltzaleak, batez ere bi zentzutan izango delarik neurri emankorra:

- Tokiko-merkataritzaren mesedetan izango delako, denda txikietan erosketak erraztuz eta beraz, haundituz.

- Aparkatzeko denbora mugatua izango denez, kotxea uzten duenak zeregina denbora horretara mugatuko du, horrek aparkalekuen errotazioa bizkortuko duelarik.

  • Landa auzo guztiei bertakoentzako txartela ematea izan da EAJ-PNVk txertatzea lortu duen bigarren neurria

EH Bilduko Udal Gobernuak Monteskue auzora mugatzen zuen egoiliarraren txartela, haiek bakarrik egindako eskaera zela argudiatuz. Talde jeltzaleak bidezkoa ikusten du txartel hau landa auzo guztiei ematea, horrelako bereizketarik egin gabe.

  • Azkenik, garajea dutenei bertakoentzako txartela ukatzean salbuespenak eskatu ditu talde jeltzaleak

Badira pertsonak, garaje bat jabetzan izanda ere, garajearen tamaina txikia izanagatik (eraikuntza zaharretan gertatzen da gehienbat), kotxea kalean aparkatzen dutenak, kotxea sartzen ez zaielako. Adibide bat izan daiteke furgoneta bat erosi behar izan duen familia ugari bat, zeinak aparkaleku plaza txikia duen, adibidez. Kasuistika hauetan egoiliar txartela ez ukatzea eskatu du EAJ-PNV Udal Taldeak.

Azken eskaera hau ez du sartu Udal Gobernuak TAO ordenantza berrian, zailtasun teknikoak ikusi dituelako ordenantzan txertatzeko. Talde jeltzaleari aldiz, modu objetibo eta neurgarrian txerta daitekeela iruditzen zaio egoera hau.

Azken eskaera hau ordenantzan ez txertatzea, egoera honetan dauden herritarrei jabegoan plaza edukitzeagatik penalizazio bat ezartzea da, egoiliar txartela emango ez zaielako.

EAJ-PNV taldea gustora gelditu da egindako ekarpenek herritarrengan eragin positiboa edukiko dutelako, baina azken ekarpen hau txertatzeko zai diardu, eta horregatik abstentzioan gelditu da gai hau bozkatzerakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!