Ospitale publiko berriaren gaian Tolosako EH Bilduko Udal Gobernuari premiaz jarduteko eskaria

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2026ko maiatzaren 8a

Duela 10 hilabete eskatu genion EH Bilduko Udal Gobernuari, idatziz, etorkizuneko ospitalea hartuko duen lurzoruaren jabetza osoa eskuratzeko prozesua abiaraztea, partzela urbanistikoa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eskuetan lehenbailehen utzi ahal izateko. Harriduraz eta kezkaz hartzen dugu udalak prozesua oraindik abiatu ez izana.

Tolosako ospitale publiko berria ez da edozein proiektu: herriaren eta eskualde osoaren etorkizunerako azpiegitura estrategikoa da. Urteetako aldarrikapenen ondoren, helmuga argia da: 2032rako ospitale publikoa martxan egotea. Baina horretarako, ezinbestekoa da gaur eman beharreko urratsak lehenbailehen ematea.

Duela hamar hilabete eskatu genion idatziz EH Bilduko Udal Gobernuari etorkizuneko ospitalea hartuko duen lurzoruaren jabetza osoa eskuratzeko prozesua abiaraztea. Denbora tarte nahikoa izan da lanean hasteko. Gure harridurarako eta kezkarako, udalak oraindik ez ditu beharrezko urratsak eman lurzati osoa eskuratzeko. Are gehiago, azken hilabeteetan desjabetzea aipatu bada ere, ez dago prozesuaren egoerari buruzko azalpen argirik, ezta egutegi zehatzik ere. Zergatik ari da hainbeste luzatzen ospitalearen etorkizunerako giltzarri den tramite hau? Zer ari da huts egiten? Eta zergatik ez da Tolosako Udala lehentasunezko gai moduan kudeatzen ari gai hau?

Gogorarazi nahi dugu lurzati urbanistikoa osotasunean udalaren esku egon ezean ezin dela lurra Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari laga. Eta lagapen hori egin ezean, ospitale berria eraikitzea ezinezkoa dela.

Horregatik, Udal Gobernuari gardentasuna eta premiazko jarduna eskatzen dizkiogu. Herritarrek jakin behar dute:

  • Zein egoeratan dagoen oraindik eskuratu gabe dauden bi partzelatxoen erosketa edo desjabetze prozesua. 
  • Noiz aurreikusten duen udalak lurzati osoaren jabetza eskuratzea. 
  • Eta noiz sinatzeko moduan egongo den Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lagapenaren hitzarmen urbanistikoa.


Ospitale publiko berria lehentasun bat bada EH Bildurentzat, gaiak lehentasunezko trataera behar eta merezi du Tolosako Udalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!