Martxoaren 8a: Elkarrekin mundu hobe bat eraikiz

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2026ko martxoaren 5a

Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) aitortza dauka data horrek, emakumeek beren eskubideen, genero-berdintasunaren eta gizartean erabateko parte-hartzearen alde egindako borroka ospatzeko.

 

Ospakizuna baino gehiago, aldarrikapen eta hausnarketa eguna da, non herrialde askotan martxak eta manifestazioak, kultura eta hezkuntza jarduerak eta kontzientziazio kanpainak egiten diren.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren jatorria XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako langileen eta feministen borrokei lotuta dago. Martxoaren 8a langileen borroketatik, mugimendu feministetatik eta berdintasunaren aldeko eskaeretatik sortu zen, eta gaur egun ere aldarrikapen eta kontzientzia sozialaren data izaten jarraitzen du. Zergatik jarraitu behar dugu borroka honetan hainbeste urte igaro eta gero?

Herrialde askotan, legeek berdintasuna aitortzen dute, baina praktikan, soldata-arrakalak pairatzen jarraitzen dute emakume askok, lidergo postuetan ordezkaritza txikiagoa izaten jarraitzen dute eta oraindik ere, maiz etxeko lanen eta zaintzaren gainkarga jasaten dute. Emakumeen eta nesken aurkako indarkeriak arazo globala izaten jarraitzen du etxeko indarkeria, jazarpena, emakume eta neskatoen salerosketa eta feminizidioak zoritxarrez gure egungo gizartearen parte direlarik.

Eta adi egon behar dugu. Eskubideak ez dira iraunkorrak. Historian zehar aurrerapenak eta atzerapenak izan dira hezkuntzan, parte-hartze politikoan edo ugalketa eskubideetan. Egungo gorabehera politikoek, hau argi eta garbi erakusten dute.

Hausnarketa kolektiborako data bat ere bada. Ez da protesta egiteko eguna bakarrik. Aurrerapenak ebaluatzeko eta lorpen historikoak aitortu eta balioan jartzeko ere probestu behar dugu. Gauzatzeke dauden erronkak landu eta hausnartu behar dira urte guztian zehar eta martxoaren 8aren bueltan hauek ikusarazi behar dira. Eta komenigarria litzateke gizonak ere elkarrizketa honetan sartzea; behar den egoeretan hauek interpelatuz, beraien lankidetza sustatuz, eta arazoaren parte baina baita ere soluzio direla sentiaraziz.

Martxoaren 8aren aldarria eta ospakizuna ez da iraganari gaiaren inguruko galderak egitea eta egungo egoera kezkaz begiratzea bakarrik, etorkizunari arduraz begiratzea baizik. Izan ere, besteak beste, emakumeentzako gizarte justuago bat denon eskaria beharko luke izan, aldi berean gizarte hobea suposatuko lukeelarik guztiontzat.

Berdintasuna ez da eskertu beharreko opari bat, eskubidea baizik. Eta elkarrekin egiten dugun urrats bakoitzak balio haundiagoa du, helburutik gertuago jartzen gaituelarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!