Tolosako Eusko Alderdi Jeltzaleko udal taldeko zinegotziok EH Bilduren udal gobernuak 2026rako aurkeztutako aurrekontuen aurka bozkatu genuen abenduaren 18an egindako osoko bilkuran. Hauek dira emandako bozkaren zentzua esplikatzen duten arrazoiak:
- 2026rako aurrekontuak diseinatzeko epearen barruan, hamabost proposamen helarazi genizkion udal gobernuari, lehentasunezkoak, zehatzak eta egingarriak, sozialak eta integratzaileak, lehen sektoreari, merkataritza txikiari eta kulturari mesede egiteko eta jasangarritasunaren alde egiteko. Udal gobernuak gogo onez jaso zituen, baina ez da borondaterik izan aurrekontu proiektuan nahi genuen seriotasunarekin haiek txertatzeko.
- Edozein udal-aurrekontutan, aurreikusitako inbertsioak funtsezkoak dira herri baten etorkizunerako. Kezkatuta gaude udal gobernuaren aurrekontuen azken ekitaldietan programatutako inbertsioen gauzatze-maila baxuarekin. 2024an, aurrekontuaren likidazioak % 26ko aurrekontu-betearazpena erakusten zuen aurreikusitako inbertsioen atalean. Oraindik 2025eko aurrekontu-ekitaldirako behin betiko likidazio-daturik ez dagoen arren, datuak abendura estrapolatzen badira zera ikusten da: 2025eko gauzatze-maila 2024koa baino txikiagoa izango dela ziurrenik.
- Udal gobernuak egindako aurrekontu-apustuetan ez dago proposamen berririk. Zatirik esanguratsuena Trianguloa plazak eta Iurre auzoko plazek osatzen dute, guk legegintzaldi osoan zehar eskatu ditugun inbertsioak/erreformak hain zuzen.
- Era berean, 400.000 euro inguru aurreikusi dira udal-kirol instalazioetan inbertsioak egiteko, enpresa esleipendun baten bitartez kudeatzen direnak. Garrantzitsua da gogoraraztea Usabal kiroldegiaren aurreko kudeaketa-ereduan enpresa esleipendunak egiten zituela inbertsio horiek; orain, inbertsioak egiteko arintasuna galtzeaz gain, Udalak horietan gastatzen duen dirua beste kontu batzuetarako erabili ezin izango den dirua da.
- Asko dira udal gobernuak bultzatutako azterketa eta prozesu parte-hartzaileak (Alde Zaharrekoa tartean), eta udal politika eta erabakiak herritarrengana hurbiltzeko beharrarekin bat eginda, uste dugu zilegi dela EH Bilduri aurrerapen konkretuak/egitateak eta benetako inbertsioak eskatzea. Herria ezin da legegintzaldi osoan zehar zain egon, are gutxiago premiazko erabaki batzuk aurreko legegintzaldian beharrezko adostasuna jada baldin bazuten. Esate baterako, Soldadu, Beotibar eta Antonio Lekuona kaleen berroneratze-proiektua bezain obra garrantzitsu eta beharrezkoa, aurreko gobernuak agendan zuena, geldirik dago oraindik.
- Gogoratu behar da azterlan eta partaidetza-prozesu horiek guztiek ere areagotu egiten dutela gastu arrunta; eta ezin dugu ahaztu, halaber, 2024rako aurreikuspenetan nabarmen handitu zela langile-gastua (gastu hori egiturazkoa izatera igaro da praktikan), eta horren bidez inbertsioen gauzatze-maila handitzea lortuko zela argudiatu zen, baina hori ez da gertatu, alderantziz baizik. Kezkagarria da gastu arrunta horrela igotzea, herriak ez badu etekina aterako.
- Urteroko Udal Ordenantza Fiskalen berrikuspenean, OHZren kostua (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, kontribuzio bezala ere ezagutzen dena) murrizteko eskatu genion udal gobernuari, Tolosan Gipuzkoako beste udalerri batzuetan baino dezente gehiago ordaintzen baita. 2026an egin zitekeen; izan ere, Foru Funtsak udal-kutxei egindako ekarpena % 7,3 handitu da aurten, eta horrek egonkortasun handia eman die aurtengo aurrekontuei. EH Bilduk zuhurtziagatik ekarpena ez jaisteko argudioaren aurka, gure jarrera argia da: zuhurtzia gastu arruntari eusterakoan, gastu arruntak herriari mesede egingo ez badio behintzat.
- Aurrekontu parte-hartzaileei dagokienez, oraindik ez dira ezagutzen AuzoEkin prozesuak zehazten dituen proposamen konkretuak. Dena den, Tolosak antolatu dituen zortzi zonaldeen artean 500.000 euroko aurrekontua banatzeko, EH Bilduk 120.000 euro gastatuko ditu kanpoko kontratazioetan, prozesua errazteko eta laguntzeko. Pentsatzen dugu jada badagoela Komunitatea eta Gobernantza Udal Sail bat herritarren parte-hartze prozesuetan laguntzeko, eta, gainera, inoiz baino giza baliabide eta baliabide material gehiago dituela. Nonbait fokua eta energia jarri behar bada, eguneroko arreta eta erantzunean da; udalaren eta tolosarren arteko etengabeko elkarrizketa eta elkartrukean jarri behar da indarra.
- Tolosa CF klubak Berazubi estadioko belarra ordezkatzeko egindako eskaerari bi urte eta erdi luzetan zehar ez-entzunarena egin ondoren, legegintzaldiaren amaierari ekin diogunean, badirudi udal gobernua hasi dela haren ordez belar artifiziala jartzea defendatzen. Legegintzaldiaren bi heren igaro ondoren, eta bi azterketa tekniko kontratatu ostean, 2023ko maiatzean klubak esku artean jada bazituen ondorioetara iritsi da udal gobernua. EH Bilduren planteamenduan, belarra ordezkatzearekin batera, atletismo-estadioa nabarmen birmoldatzeko asmoa dago, eta horrek hasieran aurreikusitakoa baino inbertsio askoz handiagoa suposatuko luke. Udal gobernuari eskatu diogu herriko gainerako kirol-klubekin eta kirol-diziplinekin adostasuna bilatzeko eta lehentasunak finkatzeko lan egin dezala (klub eta kirol-diziplina asko baitira gurean eta batzuen beharrak besteenak baino handiagoak dira azpiegituren ikuspuntutik), aurrera eraman beharreko proiektuari buruzko behin-betiko erabakia hartu aurretik.
- Duela urte batzuetatik hona, Tolosako Udalean Memoria eta Bizikidetza Mahaia daukagu, eta bertan eserita gaude gaur egun gure herrian hauteskundeetan ordezkaritza lortu genuen hiru alderdi politikoak: EH Bildu, EAJ eta PSE-EE. Orain arte funtzionatzeko modu bat egon da, eta horren bidez, mahai horretan gai horiei lotutako erabaki guztiak landu, eztabaidatu eta adosten saiatzen ginen, martxan ipini aurretik. Edukia alde batera utzita, ez dugu ulertzen zergatik EH Bilduk oraingoan alde bakarretik sartu dituen memoriarekin eta bizikidetzarekin lotutako partidak 2026ko aurrekontuan, aldez aurretik mahaira eraman gabe.
Nolanahi ere, lanean jarraituko dugu, eta proposamen berriak helaraziko dizkiogu udal gobernuari, tolosarren interesak eta ongizatea babesteko helburuarekin.