Urte berria

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2026ko urtarrilaren 8a

Urte berriak garai berriak ekarriko dituela esaten da eta garai berriak zaharrak baino hobeak izango direnaren itxaropenean begiratzen diogu etorkizunari. Tolosako EAJko kideok, aldiz, kezkaz begiratzen diogu urte berriari, izan ere dagoeneko legealdi erdia baino gehiago pasa da eta gero eta agerikoagoa da gertatzen ari dena gure herrian: Tolosa atzean geratzen ari da. 

Aurreko legealditik datozen proiektuak dira aurrera egin dutenak (Iurramendiko etxebizitza promozioak, «skate» parkea, Amarozko VISESAren etxebizitzak…); tamalez, beste batzuk bidean geratu dira, Euskal Mendizaletasunaren Museoaren proiektua esate baterako, baina kezkagarriena da ez dagoela proiektu berririk eta aurrera egiteko derrigorrezkoa da proiektu berriak pentsatu, elkarbanatu eta abian jartzea.

Aurreko legealdian Udalak egindako azterketetatik eratorritako ondorio berberetara iristeko, azterketa berriak egin ditu EH Bilduko Udal Gobernuak; plazaratutako ondorioak berriak balira bezala aurkeztuz, aparkalekuen arazoa kasu. Diagnostikoak diagnostikoen gainetik eta erabaki gutxi hartzen ari da Udala. Kudeaketa ahula da. Ez dago planifikazio estrategikorik, ezta jarduteko eraginkortasunik ere. 

Tolosa, gainera, ez da uharte bat; inguruko herriekin partekatzen ditugu hainbat behar eta interes. Azken aldian baina, ez dugu Tolosako lidergorik ikusten benetan bultzada bat behar duten gaietan. Badira arazoak, hiltegia, Belarmendi edo zabor bilketaren egoera esaterako eta Tolosako Udalaren ekimenik ez da egon orain artean. Ez hori bakarrik, gaien inguruko iritzirik ere ez du jaso herriak Udal Gobernuaren partetik. Kudeaketa ona, arazoen gaineko ekimenetan erakusten da. Anbizio faltak ekarriko du gure herriaren atzeratzea. 

Kudeaketa txarraren inguruan aritzen zen aurreko legealdian EH Bildu etengabe. Gure iritzian, erabakiak ez hartzea da herri batek izan dezakeen kudeaketarik txarrena eta hori da, tamalez, gertatzen ari dena, ez baitago ez planifikaziorik ezta estrategiarik ere. Herri bizia da Tolosa, nortasun handikoa, historiaz betea. Baina aspaldi honetan geldirik dago, norabiderik gabe, eta Udal Gobernuak ez du erakutsi ez lidergorik, ez ausardiarik, ez eta herritarren beharrekiko benetako hurbiltasunik ere.

Tolosak, etorkizunera begiratzen dion herri proiektua behar du, herri ekintzailea da gurea, hori Udalak ez du aldatuko, baina komeni da Udala bidelagun izatea. Horra Udalari eskatzen dioguna urte berrirako.

Tolosako EAJko Uri Buru Batzarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!