EAJ-PNV hilabeteak daramatza Hiribusaren zerbitzuak okerrera egin duela adierazten. Tolosarrek hainbat bidetatik azaldu eta helarazitako kexek baieztapen hau berresten dute. Zerbitzuaren kalitatearen gutxitze hau nabarmena da urte hasieratik; Hiribusaren ibilbidearen aldaketaren gaiarekin hasi aurretik gertatu da, legealdi honetan zehar.
Edozein erakundek, kasu honetan Tolosako Udalak, kontratuak enpresa pribatuekin sinatzen dituenean, egia izanik kontratuaren betetzearen lehenengo arduraduna enpresa bera dela, horrek ez du kentzen Udalaren ardura dela sinatutakoa betearaztea eta hitzartutakoari behar bezalako jarraipena ematea (lan hitzarmenak betetzen direla ikuskatzea, kontratuak exijitzen dituen zerbitzuaren kalitate estandarrak ematen direla bermatzea, etab.).
Zentzu horretan, eta kontratuaren jarraibideei erreparatuz, askotan gertatu da autobus elektrikoa erabilgarri ez izatea, zerbitzuz kanpo egotea. Tolosako Udalak eskaintzen zuen autobus alternatiboak (zaharrak) salbuespena izan behar zuen, eta ez arau, gertatzen ari den bezela. Eta, aldi berean, Udalaren ardura ere bada autobusei mantenu egokia ematen zaiela ziurtatzea. Tolosako Udalak zerbitzu bat kontratatu zuen eta autobus elektrikoa enpresaren ardura da; enpresaren ardura da hitzartutako terminoetan kontratatutako zerbitzua ematea. Horrek ezin du erabiltzaileentzako eta langileentzako karga bat suposatu. Enpresak kontratua sinatu zuenean bere gain hartu zuen jasotako betekizunak errespetatzea.
EH Bilduko Udal Gobernuak autobusaren ibilbidea aldatzea erabaki zuenean, inplizituki teknikarien ahalegina bertan jartzea erabaki zuen; Udal Gobernuak erabakitzen du non jartzen diren Udalak dituen baliabide mugatuak. EAJ-PNV Udal Taldearen ustetan, ahaleginak, batetik, zerbitzu egoki eta duin bat bermatzen jarri behar ziren, eta bestetik, datorren urteko maiatzean abian beharko lukeen Hiribusaren kontratu berriaren diseinuan.
Ibilbideari hobekuntzak txertatzea beti izan daiteke egoki, baina hartzen diren erabakien ondorioak ondo neurtuz, eta argi dago kasu honetan ez direla behar besteko aurreikuspenak egin. Gure ustetan, egokiagoa zen zerbitzuaren kalitateari jarraipen estua egin eta kontratu berrirako lanketa patxadaz egitea.
Tolosako EAJ-PNVk Hiribusa zerbitzuaren egoera kezkaz bizi du eta zerbitzuaren jarraipen egokia eskatzen jarraituko du.