TAO (Trafikoa eta Aparkalekuaren Ordenantza) berrituaren bozketan abstenitu egin zen Tolosako EAJ-PNV, EH Bilduko Udal Gobernuari egin dizkion proposamenak eztabaidatu zain

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2025eko abenduaren 5a

Talde jeltzaleak 3 zuzenketa eskatu ditu ordenantzan: 1) TAO eremuan aparkatzerakoan lehen 20 minutuak debaldeakoak izatea eskatu du; 2) Monteskue auzoko bizilagunei bertakoentzako txartela ematearen erabakia landa auzo guztien ikuspegi bateratu batetik berrikustea eskatu du; 3) Garajea dutenei eta bertakoentzako txartela ukatzeko erabakian, salbuespen batzuk jasotzea eskatu da kasuistika zehatz batzuei erantzun asmoz.

Trafikoa eta Aparkalekuaren Ordenantzaren (TAO) helburu nagusiak hauek dira: herri barruko bideen erabilerak arautzea; aparkalekuak erabiltzaile guztien artean ekitatez banatzea; bateragarri egitea ibilgailuen trafikoaren arintasuna eta kaleetako oinezkoen erabilera; aparkaldi mugatuko neurriak ezartzea; aparkalekuen errotazioa bermatzea; eta arreta berezia eskaintzea mugikortasun murriztua duten eta autoa erabiltzen duten pertsonei; garrantzitsuenak aipatzearren.

Urteak dira TAO sistema Tolosan martxan ipini zela eta egokia ikusten du talde jeltzaleak ere ordenantza eguneratzea eta gaurkotzea.

Zentzu horretan, EH Bilduk aurkeztu duen testua hobetu daitekeela ondorioztatu da, proposatu diren neurri batzuen izpirituarekin EAJ-PNV bat datorren arren. Tolosako EAJ-PNVko Udal Taldeak azaroaren 27ko Osoko Bilkuran proposatu zituen 3 hobekuntzak (aldaketa puntualak) laburbiltzen dira ondoren:

ALDAKETA 1: TAO eremuan aparkatzerakoan lehen 20 minutuak debaldekoak izatea

Kontutan izanik, TAO sistemak aparkalekuen errotazioa duela helburu, eta helburu nagusia ez dela diru-bilketarena, lehen minutuak doan izatea proposatu du talde jeltzaleak, batez ere bi arrazoirengatik:

  • Tokiko-merkataritzaren mesedetan izan daitekeelakoan, denda txikietan erosketak haundituz.
  • Aparkatzeko denbora mugatua litzatekeenez, kotxea uzten duenak zeregina denbora horretara mugatzea da litekeena eta horrek aparkalekuen errotazioa bizkortuko luke.

ALDAKETA 2: Landa auzoak eta bertakoentzako txartela

14. artikuluan, 3. puntuan, zera esaten du testuak: “Udalerrian bizi, eta ohiko bizilekua Monteskue auzoan duten pertsonek bertakoentzako aparkatzeko txartela eskatu ahal izango dute, esleitzen zaizkien eremuetan aparkatzeko, eremu horiek ibilgailu-dentsitate txikiagoa dutelako (III. Eranskina)”.

Landa-eremuko beste auzoekin lanketa egitea eskatzen dugu neurri honen aplikagarritasuna aukeran haiei ere zabaltzeko. Diskriminatzailea ez den neurri bat hartu dela ziurtatzea beharrezkoa da gure ustetan, zaila baita batzuei eskubide hau ematea, eta egoera antzekoan egon daitezkeen beste landa eremuko auzo batzuei hura ukatzea edo ez aitortzea. Beharrezkoa da gure ustetan puntu honetan aldaketak txertatzea, gaia aztertu ostean.

ALDAKETA 3: Garajea dutenei bertakoentzako txartela ukatzea – salbuespenak

19. artikulua - Bertakoentzako aparkatzeko baimenen gehieneko kopurua (bereizgarriak edo txartelak) da hau guztia arautzen duena.

Garajea jabetzan, emakidan edo alokairuan duen pertsonak, bertan aparkatu behar izatea zentzuzkoa ikusten dugu, baina badira, gure ustetan, kontutan izan beharko genituzkeen kasuistika batzuk. Bi adibide:

  1. Badaude pertsonak garajea zilindrada haundiko motorrak jasotzeko erabiltzen dutenak, kotxe baten jabe ere badiren arren. Kasu horietan, salbuespen hau txertatzea beharrezko ikusten dugu, pertsona hauei egoiliar txartela izateko aukera ez ukatzearren.
  2. Badira pertsonak ere, garaje bat jabetzan izanda ere, garajearen tamaina txikia izanagatik (eraikuntza zaharretan gertatzen da gehienbat), kotxea kalean aparkatzen dutenak, kotxea sartzen ez zaielako edota maniobrak egiteko zailtasun haundiak dituztelako. Adibide bat: furgoneta bat erosi behar izan duen familia ugari bat, zeinek aparkaleku plaza txikia duen, adibidez. Kasuistika hauetan ere egoiliar txartela ez ukatzea proposatu nahi genuke.

Salbuespen hauek 2 kasuistika jasotzen dituzte, baina ziur gaude gehiago ere egon daitezkeela. Gaia aztertzea proposatzen dugu, egokiak eta onargarriak izan daitezkeen salbuespenak jaso asmoz.

Amaitzeko, eta Tolosako TAO eremua etorkizun hurbilean zabaltzea egokia izan daitekeela ikusita, zera eskatzen du talde jeltzaleak: TAO gune berriak ezarri aurretik, beharrezkoak diren mugikortasun eta aparkaleku azterketak egitea: hau da, aparkatzeko dauden tentsioak ondo aztertzea lehenik, tentsioak noiz eta zergatik gertatzen diren ulertu ahal izateko, eta TAO sistema ezartzeak tentsio horiek norantza desplazatuko dituen aurretiaz ikustea, eremu horietan trafiko guzti hori xurgatua izan ahalko den edo ez ondorioztatzeko.

Beraz, pasa den azaroaren 27ko Osoko Bilkuran, ordenantza berrituaren behin-behineko bozketan, abstentzioan geratu zen talde jeltzalea, Udal Gobernuari egin dizkion proposamenei erantzuna jaso zain. Aurkeztu ziren hobekuntzak formalki izapidetuko dira aldaketa puntual bezala, alegazio bezala, hurrengo Osoko Bilkura batean bozkatuak izan daitezen, testua behin-betikoz onartua izan aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!