Gai hau, Tolosako Udalean 11 urte zinegotzi bezala daramatzan jeltzale batek eraman zuen plenora. 2023ko udazkenean ere, EAJ-PNVko udal taldeak plenoan Tolosaldeko Mankomunitatean eman berri zen liberazio politikoa jarri zuen mahai gainean. EH Bilduk Mankomunitatearen lehendakaritza lortzen duen bakoitzean, postu hori soldataz hornitzen dela gogorarazi zen; eta EAJ-PNVk berreskuratzen duen bakoitzean liberazioa kentzen dela.
Orain dela bi urte, liberazio horren zergatiaren inguruan galdetu zuen EAJ-PNVk. Orduan jaso zuen erantzuna izan zen, plangintza oso bat zegoela erabaki horren atzean, sistema hobetuko zuena, bilketa eta birziklapen tasak eta emaitzak hobetuko zituena.
Bi urte pasa dira liberazioa eman zenetik. Emaitzak argigarriak dira: datuei dagokienez, orain bi urte, gaikako birziklapen maila % 66an utzi zen, eta prentsan azaldu den bezala, azken datuen arabera, % 61ean dago gaur, % 5 behera egin duelarik. Atzerapausoak nabarmenak dira.
Talde jeltzalearen ondorioetako bat da, Zabor Mankomunitatearen lehendakariaren soldata, urtero, zaborretara botatako 70.000 euro direla; tolosarrok honen % 31 ordaintzen dugu.
Gainera, azalpenen zain jarraitzen dutela adierazi zen: non dago sistema hobetuko zuen plangintza hura eta zein dira porrotaren arrazoiak?
Udal gobernuak, irizpidea, sortzen den zaborra murriztea omen dela erantzun zuen osoko bilkuran. Talde jeltzaleak ez du emaitza inondik inora ere ikusten. Aurreko Udal Taldeak hainbat ekintza ipini zituen martxan: adibidez, arrandegietan eskaintzen hasi zen atez-ateko bilketa, zeinak oso emaitza onak izan zituen; kartoia jasotzeko ere lan ona egin zen eta asko igo zen honen bilketa, azkenaldi honetan pixka bat jaitsi egin dena; tabernetan eta eskoletan ere, bilketa mota hau adostasunetik martxan jartzea programatua zegoen, hauteskundeetan EH Bilduk irabazi zuenean. Ez zaio jarraipenik eman, ez da burutu, eta ez da bestelako hobekuntzarik egin, eta emaitzek okerrera egin dute.
Talde jeltzaleak, liberazioei emaitzak eskatu behar zaizkiela defendatzen jarraituko du, herriarentzako suposatzen duten kostuarengatik; eta Zabor Mankomunitatearen kasuan, EH Bilduk azalpenak eman ditzala eskatzen jarraituko du, une honetan kudeaketaren ardura EH Bildurena baita.