Tolosan errezitaldi berezia antolatu du Gipuzkoako Eusko Alderdi Jeltzaleak biharko, Euskararen Egunerako: Lizardi eta Lauaxetaren olerkien ordubeteko irakurketa saioa. Gure literaturaren bi ikur enblematiko haiek, Joxe Mari Agirre Lizardi eta Estepan Urkiaga Lauaxeta euskara piztu eta jasotzen ageriko zaizkigu berriro, euskaltzaleen mugimendua eragiten ikusiko ditugu eta Euskadiri herri arnasa ematen gure hizkuntzaren bidez. Euskal kulturan edertasun eta hunkipena arte bilakatu zuten olerkari biak eta Euskal Pizkundearen barnean garatu zena ekarri nahi du Eusko Alderdi Jeltzaleak abenduaren 3. honetan.
Euskal Pizkundearen arnasa luzea
Euskal Pizkundea kultur-mugimendu eta mugimendu politiko euskaltzale emankorra izan zen, arnasa luzekoa eta gure herriak behar zuena XIX. mendetik bizi zuen itolarritik ateratzeko. Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorrera, euskara batzearen inguruko gogoetak, euskal komunikabideen bultzada, lehen bertso txapelketak, literatura, musika, antzerkia… Ekimen hauen guztien bitartez euskarari dagokion duintasuna eman eta hizkuntza berreskuratze biderako oinarri garrantzitsuak ezarri zituzten Euskal Pizkundeko gizon-emakumeek.
Euskal Pizkundearen aro hori eredugarria da arlo askotan gaur egunerako. Izan ere euskararen biziberritzeak eta gaur egungo hizkuntza politikak, behar dute indar eta erabakimen hori. Horregatik, Euskararen Eguna aproposa iruditu zaigu Euskal Pizkundeko bi olerkari haundi omentzeko: Lizardi eta Lauaxeta. Eusko Alderdi Jeltzaleko kideak izango dira olerkiei ahotsa jarriko dietenak, burukideak eta herri-ordezkariak nahiz alderdikide soilak, besteak beste, Olatz Peon, Xarles Iturbe, Garbiñe Mendizabal, Saioa Bandres, Aitor Urrutia, Bakartxo Tejeria, Markel Olano, Maribel Vaquero, Aitor Aldasoro, Jokin Azkue, Miren Azkarate, Joseba Egibar eta Eider Mendoza.
Antton Valverderi aitortza
Lizardi eta Lauaxetaren olerkiak Antton Valverdek musikatu eta abestuak izan dira, Xabier Leterekin eta Juan Mari eta Julen Lekuonarekin batera, bere ekarpen musikariaren bidez ezagutu ditugu Lizardi eta Lauaxetaren poesia, Antton Valverdek bidelagun izan zuen Xabier Leterekin, eta baita Juan Mari eta Julen Lekuona anaiekin. Hori horrela, irakurraldia amaitzean esker oneko aitortza bat egingo diogu Antton Valverderi.
Hitzordua: Tolosako Aranburu Jauregian (Andra Mari plazan), ekitaldi irekia.
Eguna: 2025eko abenduaren 3a, asteazkena
Ordua: 19:00etatik 20:00etara.