Aurtengo urtarrilean espediente zigortzaileari hasiera eman ahal izateko, 2024ko azaroan zehar, udal teknikariek hiribus zerbitzuaren funtzionamenduaren inguruan jasotako kexak biltzen zituen txostena egin zuten; dokumentu horretan, kexak jasotzeaz gain, zerbitzuari lotutako baliabide falta adierazten zen. Urtarrileko Osoko Bilkuran, talde jeltzaleak ere zehapenaren aldeko bozka eman zuen, zerbitzu honek herriatarrentzat duen garrantziarengatik eta kexak egon bazeudela bazekielako, egoerari irtenbide bat eman behar zitzaiolakoan.
Udal Gobernuak zigor espediente honi hasiera eman zionean, argi utzi zuen EAJ-PNVk: salbuespeneko egoeretan, muturreko egoeretan bakarrik erabili beharreko neurri bat zela zigorrarena edo zehapenarena. EH Bilduk, beste irtenbiderik ez zuela ikusten adierazi zuen urtarrilean, eta horregatik eman zuen talde jeltzaleak ere aldeko bozka.
Guzti hau honela izanik, eta okerragoa dena, zerbitzuaren inguruko kexak egoten jarraitzen dutela jakinik, gerora prozedura iraungitzen uztea ezin da ulertu. Seriotasun falta nabarmena ikusten du talde jeltzaleak Udal Gobernuaren aldetik, espediente zigortzailea martxan jarri, publiko egin eta gero erortzen uztearekin.
Gertatutakoa azaltzeko, teknikari falta argudiatzen du Udal Gobernuak; kontua da gobernatzea lehentasunak ezartzea dela, Udalak dituen giza-baliabideen lanetan lehentasunak finkatzea hain zuzen. Udal Gobernuak erabakitzen du non ipini behar dituzten udal teknikariek indarrak. Horrelako espediente bat ez baldin bada lehentasunezkoa bezela finkatzen, iraungi egiten da, legez epe batzuk bete behar direlako. Ba, hori gertatu da, espediente hau iraungitzen utzi du Udal Gobernuak, beste lehentasun batzuk ezarri dituelako.
Aho batez alderdi guztiek babestu zuten erabaki bat izan zen. Beraz, bai udal webgunean eta bai prentsan ere, denon izenean argitaratu zen prozedura zigortzaileari hasiera emango zitzaiola adierazi zen urtarrileko Osoko Bilkuraren ostean.
Talde jeltzaleak egoera surrealistatzat jotzen du; espediente zigortzaile bat martxan jarri eta publikatzea eta gero erortzen uztea ezin da ulertu; eta Udal Gobernuaren seriotasun falta kezkagarria dela deritzo.
Bitartean, tamalez, hiribus zerbitzua behar duten erabiltzaileen kexak jasotzen jarraitzen du Tolosako Udalak. Talde jeltzaleak egoerari irtenbide bat ematea eskatzen du.