Uztailaren 9an (pasa den asteazkena) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua, Alberto Martínez jauna, Tolosan izan zen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Tolosan eraiki nahi duen ospitale berria jasoko duen kokalekua ezagutzera etorri zen, Saileko beste arduradun batzuekin batera.
Sailburuak bertan esplikatu zuenez, Tolosako ospitale publiko berria erreferentziazko ospitalea izango da Gipuzkoa osorako, prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. Bereizmen handiko kanpo-kontsultek osatuko dute bere jardueraren muina, erresonantzia magnetiko bat barne, eta Donostialdea ESIko profesionalak izango ditu erreferentzia. Azpiegitura berriak honako hauek izango ditu: 74 ospitalizazio-ohe, 3 ebakuntza-gela, erresonantzia-zerbitzu 1 Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko dituena, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako 2 miaketa-gela, anestesia osteko errekuperazio-unitate 1 (ABU), larrialdietako arreta jarraituko puntu 1 (EAG), erradiologiako ekipoak (OTA, ekografiak, digestiboa...) eta errehabilitazioa.
Ospitale berriaren diseinua Tolosaldeko egungo eta etorkizuneko biztanleriaren, asistentzia-beharren eta ospitaleratzeen azterketa sakon baten emaitza izan dela esplikatu zuen Sailburuak. Hausnarketa garrantzitsu horretan Tolosaldea ESIko profesionalek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko espezialistek parte hartu dutela ere aipatu zuen. Horrela, konplexutasun-maila baxuko paziente medikoei eta egonaldi ertaineko zainketak eta proba osagarriak behar dituzten pazienteei zuzendutako ospitaleratze-azpiegitura bat ezartzeko beharra ondorioztatu da. Ospitaleak eskualde honi eta Donostialdea ESIaren beharrei emango die zerbitzua, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak prozesu kirurgiko edo mediko konplexuagoek eragindako ospitaleratzeak xurgatzeko aukera izango du. Era berean, Tolosaldeko pazienteak kirurgia-eremu batez hornitzeko beharra ikusi da, bai eta Tolosaldean etxeko ospitalizazio-zerbitzu bat mantentzekoa eta Donostialdea ESIko EAGrekin koordinatutako larrialdiko arretarako dispositibo bat haien eskura jartzekoa ere.
Tolosako EAJ-PNVk eskerrak eman nahi dizkio Imanol Pradales Lehendakaria buru duen Gobernuari, aurreko legealdian Jaurlaritzak gure eskualdeko osasun-arreta zerbitzua hobetzeko hartu zuen konpromisoari eusteagatik. Hitzekin eta ekintzekin, pausoz-pauso, aurreko legealdian Jaurlaritzak ipini zituen helburuetatik gertuago gaudelako.
Amaitzeko, batetik, beharrezkoa ikusten dugu Asunción Klinikako langileen gaiari Osakidetzako Mahai Sektorialean heltzea; eta bestetik, EH Bilduko Tolosako Udal Gobernuari eskatzen diogu eman diezaiola lehentasuna izapide urbanistiko honi, hain zuzen, ahalik eta azkarren gauzatu dezala pendiente daukan tramitazio urbanistikoa, lurzorua Osakidetzaren eskuetan ahal bezain pronto utzi eta lizitazioekin hasi ahal izateko.