Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari Tolosako udalerria bizitegi-merkatu tenkatuko eremu izendatzeko proposamenaren alde egin zuen talde jeltzaleak osoko bilkuran, zalantza batzuk adierazi bazituen arren. EAJ-PNVk neurri hau denbora irabazteko neurri bezala ulertzen du. Etxebizitzaren arazoarentzat benetako irtenbidea etxebizitza babestu berri gehiago eraikitzean datza batipat talde jeltzalearentzat eta Etxebizitza Plan Integral serio eta osatu baten beharra azpimarratu zuen.
Gune tenkatua izendatuza izateko Eusko Jaurlaritzara bidali diren dokumentuak behin-behinekoak diruditela adierazi zuen EAJ-PNVk. Argudio desberdinak azaldu ziren, tartean: alde batetik, herriari Santa Clarako komentuan edota Sakramentinoetan etxebizitza dotazionalak egingo direla adieraztea, haren jabetza pribatua denean gaur-gaurkoz, ez dela serioa adierazi zuen talde jeltzaleak, ez baita errealista; eta beste alde batetik, San Esteban eremuak ematen dituen aukera guztiekin (lurzoruaren erdia udal jabetzakoa izanik), EH Bilduk eraikigarritasuna minimoetara eraman nahi izana ez du ulertzen talde jeltzaleak, ez du bat egiten ikuspegi horrekin.
Talde jeltzaleak 3 proposamen zehatz eta egingarri eraman zituen bilkurara Udal Gobernuak bere konpromisoetan barneratu zitzan:
- Uzturreko gurutzea babestea, gurutzea Tolosako ondare katalogoan sartzea: EH Bilduk kontra bozkatu zuen, patxaraz hartu beharreko gai bat dela iruditu zitzaiolako. Talde jeltzaleak elementu honen garrantzia tolosarrontzat azpimarratu zuen.
- EAJ-PNVk eta PSE-EEk elkarrekin sartutako proposamena, Oriako Txirrindularitza Eskolak “Jose Mari Anza” Memoriala antolatzeko baliabideak bermatzeko konpromisoa hartzea: EH Bilduko Udal Gobernuak aurka bozkatu zuen, klubak daukan diru-laguntza beraiek kudeatu beharrekoa dela argudiatuz eta hitzarmena sinatu zenean lasterketa hontarako diru-falta arazoa ez zutelako aipatu klubetik. EAJ-PNVk oinarrizko kirola lehentasun bat dela defendatu zuen eta horregatik eskatzen zuela baliabideen konpromisoa berriz ere afizionatuen lasterketa hau berreskuratzeko.
- Udal mailako Larrialdietarako Plangintza Integral bat diseinatzea eta idaztea ere proposatu zuen talde jeltzaleak, eta alderdi guztiek alde bozkatu zuten.
Talde jeltzalea, herria egin asmoz, lanean dihardu.