Ekaineko Osoko Bilkurarako proposamena: Uzturreko gurutzea Tolosako Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren "3. Dokumentuan - Katalogoan" sartzea

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2025eko ekainaren 25a

Uzturreko gurutzea Tolosako eta eskualdeko paisaiaren elementu ikonikoa da. Uzturre mendiaren tontorrean dago, 700 metro inguruko altueran. Gaur egungo gurutzeak, 1927an eraikia, 10 metro eta erdiko altuera zuen aurreko bat ordezkatu zuen, garai hartan Euskadiko mendietako altuenetakoa izan zena. Uzturre mendiak, Tolosaldeko arnasgune berde gisa, inguruko ikuspegi ikusgarriak eskaintzen ditu, eta erreferentziazko lekua izan da eta da mendizaleentzat eta bertako biztanleentzat.

Komunitatearentzako leku enblematikoa da, Tolosarako eta bere eskualderako gune garrantzitsua. Uzturreko gurutzea ez da puntu geografiko bat bakarrik; historia aberatsa eta esanahi berezia duen sinboloa ere bada Tolosa eta bere inguruaren nortasunarentzat. 1927an eraiki zuten, Aralarko Adiskideen Elkartea sortu zen urte berean. Uzturreko gurutzea Tolosako kultura-ondarea da, eta haren oroimen kolektiboaren parte da.

Hainbat gertakarik inguratzen dute 10 metro eta erdiko altuera izan zuen lehen gurutzea. Garai hartan garaienetakoa izan zen euskal mendietan. Eraikitzaileek marmolezko bi plaka oroigarri jarri zituzten gurutzean eta Emeterio Arrese olerkari ibartarraren bertso batzuk. Amildegitik babesteko baranda eta gailurrean postontzi bat ere jarri zituzten. Garai hartako datuek gogorarazten dute inaugurazioa maiatzaren 1ean izan zela eta orduko gastuak 400 pezetakoak izan zirela.

MENDI-GAÑEAN BESO ZABALIK

ZAUDE GURUTZE LAZTANA

OTOI-EGIÑEZ MUIN EMAN-ZALE

APALKI NATOR ZUGANA.

(Emeterio Arrese)

Kronika historikoen arabera, 1942ko otsailean, haize bortitzen ondorioz, gurutzea erori egin zen. Ibartarrek eta tolosarrek ez zuten bertan gurutze bat jartzeko ahaleginean etsi, eta handik gutxira beste gurutze handiago bat eraiki zuten. Alpino Uzturre klubeko kideak eta partikularrak arduratzen dira garbi eta zuri mantentzeaz.

Gaur gaurkoz, Udal Gobernuak Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren "3. Dokumentua – Katalogoa"-ren berrikusketa partzial bat abiatu du legealdi honetan eta testuinguru horretan jaiotzen da proposamen hau.

Gogoan izan behar da "3. Dokumentua – KATALOGOA"-ren xedea, funtsean, 2006ko ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen 76. artikuluan ezarritakoaren arabera, babestu beharreko ondasun artifizialak eta naturalak identifikatzea dela, haien balioa eta interesa kontuan hartuta.

Guzti honengatik, EAJ-PNVko Udal Taldeak honako hau proposatzen du:

·       Uzturreko gurutzea udalerriko hirigintza-ondarean babestutako ondasun eta elementuen zerrendan sartzea (II. mailakoa, udalaren babes-maila), Tolosako eta eskualdeko biztanleentzat duten balio historiko, emozional eta sinbolikoagatik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!