Aurreko legealdian identifikatuta zegoen jada larrialdiak kudeatzeko sistematizazio baten beharra, hain zuzen, hobekuntzak behar genituela udal mailan larrialdiak kudeatzeko plangintzan.
Argi dago, halako egoerak ematen direnean, Udalak era protokolizatu batean erantzuteko beharra duela ahal den neurrian eta izan ditugun elkarrizketetan adostasuna egon da beti alderdi politikoen artean.
Udal mailako larrialdi plangintza batek, gutxienez, elementu hauek jaso beharko lituzkeela deritzogu:
- Udal mailako krisi edota larrialdi mahai baten osaketa (politiko-teknikoa).
- Udal mailako giza baliabide zein materialen/ekipoen inguruko
zerrenda/inbentarioa.
- Arduren banaketa bat, organigrama bat eta jerarkia bat.
- Udaltzaingoaren eta udal brigadaren eginbeharrak.
- Suhiltzaileekin eta Ertzaintzarekin egituratu beharreko elkarlana.
- Babes Zibilaren egitekoak.
- Udalaz gaindiko baina udalen kontrolpean dauden egituren egitekoak.
- Beste instituzioekin izan beharreko elkarlana definitzea: GFA eta EJ.
- Komunitatearen aktibazioa eta antolaketa, tolosarren arteko elkartasuna.
- Komunikatzeko erabiliko diren kanalak.
- Aseguru-etxeekin egin beharreko lanketa.
- Beste batzuk.
Tamalez, pasa den asteburuan izandako euriteek, ekaitzek, luiziek, errepide mozketek, etb. eta haiek sortutako kalte ugariek berriz ere gaia ekarri dute agendara. Aditu guztien arabera, aldaketa klimatikoak eraginda, geroz eta ohikoagoak izango dira halako gertaerak (euriteak, lehorteak, haizeteak, elurteak, etb.), maiztasuna haundiago izango omen dute, eta dirudienez geroz eta bortitzagoak izango dira gainera.
Horretaz gain, halako plangintza batek, larrialdi klimatikoak eragindako gertaerez gain, barnebildu beharko lituzke itzalaldiak, beste mota bateko istripuak, etb.
Testuinguru horretan, eta dagoeneko gaia birritan eztabaidagai izan delako legealdi honetan zehar, zera proposatzen du EAJ-PNVko Udal Taldeak:
• 6 hilabeteren buruan Tolosako Udalak izan dezala larrialdiak kudeatzeko plangintza integral bat prest, goran aipatutako elementu guztiak gutxienez barnebilduko lituzkeena.