Komunitate eta Gobernantza arduradun-lanpostuaren balorazio-berrikuspena iritsi zenean, talde jeltzaleak bere bozkaren abstentziorako arrazoiak azaldu zituen. EAJ-PNVko taldeak daukan kezka da EH Bilduko udal gobernuak sail honetan jarri duen indarra, eman dion lehentasuna, bertatik bultzatzen ari diren azterketa eta diagnostiko kopuruak udal kostua igotzen dutelako, eta aldi berean, herriarentzat lehentasunezkoak diren proiektuak ez direlako gauzatzen ari.
3/2025 kreditu gehigarriari dagokionez, honen azalpen eta lanketa egiterakoan udal gobernuak izan duen oposizioarekiko gardentasun eza dela eta aurka bozkatu zuen talde jeltzaleak. Alde batetik, Arkaute eraikineko inbertsio proiekturako jarrita zegoen diru partida handitu egin da, baina batzordeetan Mendizaletasunaren Museoarako zela esaten ari zitzaigun bitartean, prentsan irakurri ahal izan genuen, EMMOA Fundazioaren Euskal Mendizaletasunaren Museoa Azpeitian kokatzera zihoala. Bestalde, Usabal kiroldegian jartzeko asmoa dagoen galdarari dagokionez, aurrekontuetan honen kostua 1,6 milioi zela jasotzen zen bitartean, partida honetan beste 1,6 milioi gehitu ditu udal gobernuak, prezioa bikoiztuz, eta beraz, abenduko aurrekontuak eztabaidatu eta bozkatu zirenean, inbertsio zati handi baten informazioa gorde egin zitzaion oposiziori.
2024ko aurrekontuen likidazioari dagokionez, eman den %26ko exekuzio mailarekiko kezka adierazi zuen talde jeltzaleak. Udal gobernuak pertsonal gastua %6an igo zuen inbertsioen egikaritze-maila hobetzeko, eta izugarri jaitsi da burututako inbertsioen portzentaia. EAJ-PNVk arazoaren gakoa, indartzen diren sail eta azterketa eta diagnostikoetan ikusten du, indarrak bertan ipintzen baitira eta ez gauzatu beharreko inbertsioetan.
Tolosan merkataritza-lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko aukerak aztertu eta sustatzeko EAJ-PNVk aurkeztutako mozioaren bitartez, hainbat eskaera egin dizkio udal gobernuari: Tolosako udalerrian gaur-gaurkoz hutsik dauden merkataritza-lokalen inbentario bat egin dezala (2025. urtea amaitu baino lehen eskuragarri egongo litzatekeena); inbentario horren arabera, hausnarketa urbanistiko sakon bat egitea, erabakitzeko zein eremutan ikusten den komenigarri edota egokien merkataritza-lokal hutsei etxebizitza bihurtzeko bidea irekitzea (dagoeneko posible daukaten eremuez gain); ekimenak merkataritza-intereseko eremuetan ez dauden lokalei eragin beharko lieke, tokiko-merkataritzarentzat lehentasunezko eremuak definituz; betiere, eraldaketa hori, etxebizitza babestu bezala gauzatua izan dadila, merkatuko logiketatik ahal den neurrian babesteko, prezioak ahal den neurrian kontrolatzeko, besteak beste. EAJ-PNVk eta PSE-EEk mozioaren alde bozkatu zuten bitartean, EH Bilduk aurka bozkatu zuen.
Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak euskararen aurkako sententzietatik babestu eta hizkuntza-politikarako arkitekturari buruzko mozioa aurkeztu zuen, talde jeltzaleak aldeko bozka eman ziolarik.
Fibromialgiaren Nazioarteko Eguna dela eta Andragoran antolatu zen hitzaldiaren harira, eta hainbat herritarren artean eman ziren kexak direla eta gizonezko batzuek hitzaldira sartu ezin izan zutelako, talde jeltzaleak protokoloaren berrikuspena egiten denean halako egoerak kontutan izatea eskatu zuen, gaixotasuna pairatzen duten edo gaixotasuna pairatzen duten senitarteko hauei egoera desatsegin hauek saihesteko asmoz; eta bestetik, hitzaldi eta topaketen deialdiak argiago eta kontu handiagoz egitea, nori zuzenduta dagoen zehaztasunez adieraztea, eskatu zuen.
Talde jeltzaleak Tolosa eraikitzen jarraitzeko helburua duelako, proposamen eta eskaerak egiten jarraituko du.