Zer gertatzen ari da Tolosan kokatzekoa zen Euskal Mendizaletasunaren Museoaren proiektuarekin?

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2025eko maiatzaren 20a

EH Bilduko udal gobernuak ez du argitzen museoaren aldeko apustua mantentzen duen ala ez, eta martxa honetan Tolosak museoa hartzeko aukera galduko du udal gobernuaren bultzada faltagatik.

Igandean, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu mailan.

Bi urte  eta erdi pasa dira jada 2022ko azaroan Tolosako ordezkari politiko guztiek Euskal Mendizaletasunaren Museoa Tolosan kokatzearen aldeko apustua eta konpromisoa aho batez publikoki adierazi zutela, Arkaute Etxean (Larramendi auzoan), EMMOA Fundazioko kideekin batera atera zuten argazkiak erakusten duen bezala.

Museoen Nazioarteko Eguna data gogoangarri bat iruditu zaigu, proiektu honekin gertatzen ari denaren inguruan tolosarrekin gure kezkak partekatzeko:

  • EH Bilduko Tolosako udal gobernua ez aurrera ez atzera dabil proiektu honekin: udal gobernuak aukera paregabe honen aldeko apustua mantentzen duen ala ez esateko garaia bada, ez baitu argi adierazten.
  • Tolosarentzat eta Larramendi auzoarentzat ekarpen ederra litzateke bertan halako proiektu bati ongietorria ematea.
  • Ondare arkitektonikoaren babesaren ikuspuntutik ere, Arkauteko Etxeari etorkizun oparo bat eskaintzeko aukera emango liguke; ondarea babestea, batez ere, eraikinei etorkizun bat eskaintzea baita.
  • Legealdi hau hasi zenetik egin dugun bezala, EH Bilduko Tolosako udal gobernuari eskatzen diogu ez dezala proiektua hiltzen utzi, Tolosako Udalak badituelako baliabide nahikoak proiektuarekin aurrera egiteko.
  • Tamalgarria litzateke adostasunetik abiatutako halako ekimen bat udal gobernuaren kudeaketa ezintasunengatik erortzen uztea.

Larramendiko auzoak merezi du proiektu hau. Tolosako herriak merezi du proiektu hau.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!