Tolosarrontzat onuragarri izango liratekeen hainbat eskari egin ditu EAJko udal taldeak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2025eko maiatzaren 7a

Berri-emate gaietan, oposizioari informazioa garaiz eta modu egokian helaraztea eskatu dio talde jeltzaleak udal gobernuari; ikasgela iraunkorrari, hiltegiari, argindar itzalaldiari eta Amasa-Villabonan enpresa pribatu batek sustatu nahi duen proiektu eoliko baten eskaerari buruzko galderak ere luzatu dizkio; eta erakunde ezberdinek antolatutako urtemugetan, hauek kolore politikoetatik haratago doazen eragile ezberdinen topaketa eta ospakizun eremuak bilaka daitezen proposatu du.

Hasteko, kreditu-aldaketen berri-emateetan oposizioak izandako informazio falta izan zen hizpide Osoko Bilkuran. Danok ulertzearren: kreditu txertaketak, urte batetik bestera pasatzen diren eta aurreko urteko aurrekontuetan zeuden gastu eta inbertsio proiektuak dira. Hau da, 2025ean burutuko diren eta 2024rako aurrikusita zeuden kontzeptuetaz ari gara (2024an gauzatu ez zirenak). Informazio guzti hau oposizioari zehaztasunez eta garaiz helaraztea beharrezkoa zela adierazi zuen talde jeltzaleak; are gehiago, EH Bilduk oposizioan zegoenean halaxe jasotzen zuenean.

Ikasgela Iraunkorrari dagokionean, talde jeltzaleak lehentasunezko behar bezela ikusten du. Talde jeltzalearentzat ez da nahikoa bere proposamena Udal Gobernuak aurrekontuetan txertatu izana. Honekin pozik azaltzen bada ere, hurrengo pauso bat eskatzen du: ikasturte honi behin-behineko irteera eman zaion arren, hurrengo ikasturtetik aurrera, ikasgelak behin-betiko kokagunea eta proiektua eskatzen du.

Hiltegiko gatazkari erreparatuz, egungo egoerari eta etorkizunari buruzko kezkak azaldu zituen talde jeltzaleak bilkuran. Alde batetik, langileen lan-egoera gaur egun zein den galdetu zuen, eta bestalde, hiltegiaren etorkizunaren inguruan berririk ba ote zegoen.

Itzalaldi energetikoak herri mailan suposatutako eraginez ere galdetu zitzaion Udal Gobernuari eta Larrialdietarako Protokolo baten idazketaren beharra nabarmendu zuen talde jeltzaleak, eta udal mailako Larrialdi Mahai baten egokitasunaz protokoloa osatu bitartean. Gai honekin lotu daiteke Amasa-Villabonan enpresa pribatu batek sustatu nahi duen proiektu eoliko baten eskaera, zeinaren inguruan informazioa eskatu zitzaion Udal Gobernuari, Tolosako lursail batzuei eragiten ziela informatu zuelako komunikabide batek orain gutxi.

Azkenik, talde jeltzaleak, Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziaren 30. urtemugaren harira (ekitaldirako gonbidapenik ez jaso ondoren), aurrera begira, eskualde mailako eta udalaz gaindiko erakunde ezberdinek antolatutako ekitaldietan, hauek kolore politikoetatik haratago doazen eragile ezberdinen topaketa eta ospakizun eremuak bilaka daitezen iradoki zuen, Tolosako eta eskualdeko aniztasuna bermatua izan dadin.

Talde jeltzaleak tolosarron alde lanean jarraitzeko helburua duelako, proposamen eta eskaera eraikitzaileak egiten jarraituko du.

Osoko Bilkura osoa ikusteko aukera esteka honetan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!