Osoko bilkuran herriarentzat onuragarri izan daitezkeen hainbat eskari egin ditugu

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2025eko apirilaren 3a

EAJko udal taldeak alde bozkatu du eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren ordenantza fiskal berrituari dagokionean, haren ekimenez txertatu baitira aldaketa nagusiak; ikasgela iraunkorrari, inauterietako karrozei eta babestuta dauden eraikinei buruz ere hainbat eskaera egin dizkio Udal Gobernuari talde jeltzaleak

Eraikuntza eta obren gaineko zerga hemendik aurrera arautuko duen ordenantza berrituaren harira, talde jeltzalea pozik azaldu da eta alde bozkatu du, talde jeltzaleak bultzatutako eta haren ekimenez landutako ordenantza fiskal berria aurrera atera baita martxoko Osoko Bilkuran. Txertatu diren aldaketek bilatzen dituzten helburu nagusiak hauexek dira: ahal den neurrian, alokairuzko merkatuan etxebizitza eskaintza estimulatzea; eraikinetako irisgarritasunari dagokionean laguntzak indartzea; eta ondare bezala izendatuta dauden edota izendatuak izan daitezkeen eraikinetan Udalak erraztasunak ipintzea haiek birgaitu ahal izateko (batez ere Alde Zaharrean), besteak beste.

Bestalde, bereziki gazteei zuzendutako Herri Ikasgela Iraunkorra behar beharrezkoa iruditzen zaio EAJko Udal Taldeari, 2025eko aurrekontuetarako aurkeztu zituen proposamenetan lehentasun bezala txertatu zuelarik. Udal Gobernuak proposamena onartu zuen negoziazio hartan, baina ez talde jeltzaleak proposatutako gunea, Oriaburu eraikineko bigarren pisua hain zuzen. Dirudienez, Udal Gobernuak Berazubiko estadioko egoitzan aurreikusten zuen behin-betiko kokalekua bertan behera gelditu omen da, klubak berak bere instalazioetan ikasgela jartzea ez baitu egoki ikusten. Ikasgela hartuko duen espazioak erabilera bakarreko espazio izatea eskatzen jarraitzen du talde jeltzaleak eta behin-betiko kokalekuaren inguruan erabaki bat lehenbailehen hartzea eskatzen dio Udal Gobernuari, gure gazteek edota ikaste prozesuan dauden helduek beste herri batzuetara mugitu beharrik izan ez dezaten.

Inauteriei dagokienez eta karrozen elkartearekin piztu den gatazkari kezkaz erreparatuz, talde jeltzaleak etenik gabeko elkarrizketaren aldeko deia egin dio Udal Gobernuari; era berean, azken egunetan martxan ipini duen estrategia komunikatiboa leundu dezala ere eskatu dio Gobernuari. Karrozen bitartez parte hartzen duten gazte gehienek ekarpen on bat egiten diote Tolosako inauteriei eta merezi dute patxadazko elkarrizketarako marko bat, hitzartu behar dena hitzartzeko, eta bideratu behar dena bideratzeko. Talde jeltzaleak zera eskatu dio udal gobernuari: udalak aztertu dezala gaur-gaurkoz jada eskuetan dituen biltegietan karrozak jasotzeko egon daitezkeen aukerak eta batez ere, ez dezala etenik egin karrozetako arduradunekin mantendu eta zaindu beharreko komunikazioan.

Azkenik, talde jeltzaleak San Frantzisko, 37ri buruz (Villa Sagrado Corazón) iritsi zaizkion berrien inguruan kezka adierazi zuen, dirudienez, okupak sartu baitira eraikinera eta hura hondatzen hasiak daude. Halako edo antzeko eraikinak babestean, lehen pausoa haien hondatzea ekiditea da, haien zaintza egoki bat bermatzea. EH Bilduko udal gobernu honek eremu horrentzat onartu duen garapen urbanistikoaren prozesuaren amaieran eraikin horrek Tolosako Udalaren eskuetan amaitu behar badu, udal gobernuari neurriak hartzeko eskatu dio bidean hondatua gerta ez dadin.

Talde jeltzaleak tolosarron hobe beharrez lanean jarraitzeko helburua oso argi dauka eta horregatik proposamen proaktiboak egiten jarraituko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!