2015ean, Nazio Batuek ebazpen bat onartu zuten, Nazioarteko Egun horren aldarrikapena justifikatzeko, emakume zientzialariei babesa emateko eta emakume eta neskak zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren eremuetan, hezkuntzan, trebakuntzan eta ikerketan sar daitezen sustatzeko.
Gure inguruko ikastetxeetan ere otsailaren 11ean egingo dira hainbat ospakizun, ekitaldi eta hausnarketa.
Guk, heldu gisa, titularra eta hurrengo azalpen-testua hartuko genituzke, eta hortik abiatuta, gutxienez egun batez, otsailaren 11ean, hausnartzen jarraituko genuke; gizarte heldua, zoritxarrez, oso ohituta dago horrelako gaietara eta egunetara. Egia bada ere emakumearen presentzia gero eta handiagoa dela gizarteko edozein arlotan, eta, beraz, baita esparru zientifiko/teknologikoan ere, lan asko dago oraindik egiteko; eta zalantzarik gabe, gure ondorengoek ere bultzatzen jarraitu beharko dute esparru honetan erabateko genero-berdintasuna eta edozein motatako oztopo ezabatzeko.
Zortzi urteko mutiko batek data gogoangarri honi buruz egingo zukeen hausnarketa nahiko bestelakoa izango litzatekeela pentsatu nahi dugu. Adibidez: "Gaur Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Bai zirraragarria! Baina, itxaron, zergatik behar dugu egun berezi bat neska zientzialarientzat? Ez dut ulertzen. Nik ez dut uste neskak urtean behin bakarrik izan daitezkeenik zientzialariak. Nire klasean neska asko daude, nahi izanez gero zientzialari bikainak izan litezkeenak; izan ere, beraiek nahi dutena izatera iritsi daitezke. Ez al da suposatzen zientzia guztiontzat dela? A ze misterioa! Egia esan, apur bat galduta sentitzen naiz gaur gai honekin”.
Bere ikasgela bereko neskato baten gogoeta, bere ametsa, lehenago amarena izan eta errealitate bihurtu zena, etorkizun batean ikerlari/zientzialari bihurtzea dena, hauxe izan liteke: "Zein ondo, guretzat den egun bat daukagu! Izan ere, gainerako egunetan, nere ama bezalako emakume zientzialariak lanpetuegi daude laborategietan… Lorpen sinestezinak erdiesten dituzte, baina ez dira albisteetan nahikoa irteten, eta beraz jendea ez da haien lanaz gehiegi ohartzen. Egun honetan, behintzat, gutxieneko aitortza bat izango dute bai amak eta baita beste emakume zientzialari guztiek!”.
Halako gaiak mahaigaineratzeko egun berezirik behar ez duen gizarte berdinzale baterantza hurbiltzeko pausoak ematen jarraitu beharra daukagu.