Hemen zehazten dira EH Bilduko udal gobernuari egindako ekarpenak:
1. Santa Klara eta Zumarditxikia: begirada integrala
Iaz bezala, Santa Klara osoa, Zumarditxikia barne, hartuko duen azterketa sakon bat egiteko beharra azpimarratzen jarraitzen dugu: aparkaleku berri baten aukera aztertzea (batez ere Alde Zaharrean pentsatuz), Santa Klara kalearen irisgarritasun-arazoei irtenbidea ematea (oinezkoen, bizikleten, garraio publikoaren eta autoen arteko beharrezko bizikidetza), autobus-geltokiaren kokapenari buruzko erabakia hartzea eta Zumarditxikia biziberritzeko jarduketa-proiektua definitzea. Ez dugu ikusten gai hori udal gobernuaren agendan dagoenik, eta lehentasunezkoa dela pentsatzen jarraitzen dugu.
2. Gazteei zuzendutako Azoka Bonuak kanpaina
Azoka Bonuak kanpaina berritzaile bat martxan jartzea proposatu dugu, larunbatetako azoka indartzeko, Tolosako gazteentzat bereziki pentsatua (40 urte bitarte). Tolosar gazteak euren erosketen zati bat asteroko azokan egitera animatzea du helburu eta, hala, azokari begira, belaunaldien arteko erreleboa kontsumitzaileen ikuspuntutik lantzea. Udalak, bonuen bidez (pizgarri gisa), gazteek azokan egiten duten erosketa sarituko luke, helburu bikoitzarekin: baserritarren diru-sarrerak handitzea, eta tolosar gazteak asteroko azokara sarriago hurbiltzea sustatuz.
3. Tokiko merkataritza laguntzeko kanpaina: Tolosako enpresekin aliantzak eginez
Datorren urteko Gabonetako Kanpainarako proposamen bat egin dugu, Tolosako enpresa industrialen eta tokiko saltoki txikien arteko aliantzak sortzea helburu duena. Ildo horretan, proposatu dugu enpresek beren langileei eman diezaieketen gabonsaria gure herriko denda txikietan kontsumitzeko bonuen bitartez izateko aukera lantzea. Asmoa, 2025ean zehar, ekimen hori Tolosa & Co Elkartearekin batera diseinatzea izango litzateke, enpresekin tokiko merkataritzarekiko elkarlan hori ahalbidetu nahiean. Era berean, asmoa litzateke enpresek egindako ekarpena Udalak berak osatu ahal izatea.
4. Alindegia eta Lapurdi plazetako aparkalekuak Tolosako herritarren eskura jartzeko plan zehatz bat
Iaz egin genuen bezala, Alondegiako eta Lapurdiko lurrazpiko aparkalekuetan hutsik dauden aparkalekuetarako udal-plan bat diseinatzea proposatzen dugu, dagoeneko eskuragarri dauden eta gaur egun gutxiegi erabiltzen diren baliabideak herritarren eskura jartzearren. Tolosarrei aparkatzeko aukera berriak eskaini behar dizkiegu, are gehiago autoak kaleetatik atera nahi baditugu. Gure eskaera, epe laburrean, herritarren esku, bi eremu hauetan, gaueko ordutegian (19:00etatik 10:00etara) arrazoizko prezio batean aparkatzeko aukera emango lukeen lanketa bat egitea izango litzateke, Donostian egiten ari diren bezala, adibidez.
5. Iurre auzoko plazak birgaitzea
EAJ-PNVk Iurre auzoko plazak lehenbailehen birgaitzeko aurrekontu-partida espezifiko bat sartzea proposatzen du (aurrekontuen zirriborroan ez dago horrelakorik). Inguruko bizilagunek dagoeneko diru asko aurreztu dute birgaitze-lan horretatik legokiokeen zatia ordaintzeko. Esku-hartze hori premiazkoa da, eta, beraz, udal gobernuari eskatzen diogu lehentasuna eman diezaiola gai horri, datorren urteko aurrekontuetan islatuz.
6. Ikasketa-gela iraunkorra Oriaburu eraikinean
Oriaburu Etxearen bigarren solairua birgaitzea proposatu dugu, gazteek (batxilergoko bigarren mailatik aurrera) ikasteko leku bezala erabiltzeko aukera izan dezaten, gaur egun udal liburutegian dutena baino egutegi eta ordutegi zabalagoan. Gure proposamena ikasgela iraunkor bat prestatzea da, urtean 365 egunetan eta 24/7 ikasleek erabiltzeko aukera izango luketena. Oriaburu eraikinak eskaintzen ditu aukerak. Gaur gaurkoz, beheko solairuan Tolosa & Co Elkartearen bulegoak daude, baita erabilera anitzeko gela bat ere; lehen solairua, ekintzailetza-proiektuak bultzatzeko erabiltzen da; bigarren solairua, hutsik dago, eta uste dugu oso leku egokia izango litzatekeela ikasgela hori hartzeko, gaur egun erabiltzen ez diren udal-instalazioak baitira.
7. Tolosan euskal mendizaletasunaren museoa hartzeko konpromisoari eustea
Tolosako Udalak, aurreko legegintzaldian, Euskal Mendizaletasunaren Museoa abian jartzeko konpromisoa hartu zuen aho batez, EMMOA Fundazioarekin batera, Larramendi inguruko Arkaute Etxean. Proiektuak ez du aurrera pauso nabarmenik izan, eta hartutako konpromisoari eutsi behar zaiolakoan, aurrekontuari partida espezifiko bat eranstea proposatzen dugu, konpromiso hori behar bezala burutu ahal izateko: hain zuzen, arkitektura, ondare eta/edo museo-gaietan behar den aholkularitza espezializatua jasotzeko beharrezkoak diren zerbitzu profesionalak kontratatu ahal izateko, eta baita museoaren bideragarritasun ekonomikoaren proiektua doitzeko eta beste erakunde publiko batzuetan finantzaketa bilatzeko ere.
8. Udal kirol instalazioetan premiazko inbertsioak egitea
Udal kirol instalazioetako inbertsioak, egungo Udal Gobernuak sustatutako kontratu aldaketaren ondorioz, udalak berak kudeatu beharko ditu hemendik aurrera. Ildo horretan, datozen urtetako aurrekontuetan (aurtengoetatik hasita), aurreko enpresa esleipendunarekin hitzartu zen inbertsio-plana egikaritzen joatea proposatzen dugu, gaur gaurkoz ezerezean geratu dena. Inbertsio-plan horren barruan, batetik, Usabalgo instalazioetan aurreikusten ziren plaka fotovoltaikoak instalatzea proposatzen dugu; eta, bestetik, aurreko enpresa esleipendunak Berazubiko bi tenis pisten eraberritzea gauzatu gabe eta Beotibar frontoiko alboko sarea ordezkatu gabe utzi dituenez, inbertsio horiek datorren urteko aurrekontuetan jasotzea eskatzen dugu.