Azaroak 25: Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2024ko aza. 25a, 09:42

Jakina denez, azaroaren 25a emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta ezabatzeko Nazioarteko Eguna da. Adin guztietako eta mundu osoko emakumeek oraindik ere pairatzen duten sexismoaren, desberdintasunaren eta indarkeriaren aurkako borrokaren garrantzia azpimarratzeko eguna da.

Indarkeriarik gabeko mundu bat aldarrikatzen dugu, non emakumeak eta neskak beldurrik gabe, mehatxurik gabe bizi daitezkeen; eta beren eskubideak erabat bermatuta.

Gutako bakoitzak gure erantzukizun zatia badu jarrera matxistak detektatu eta horiei aurre egiteko garaian. Lan hori ez da beti erraza, jarrera horietako asko normalizatuta baitaude gure gizartean.

Data honek gogorarazten digu oso garrantzitsua dela herritarrak, modu sistematikoan, gaiarekiko sentsibilizatzea eta gure bizitzako eremu guztietako jarrera matxistak eta bortitzak antzematen eta zalantzan jartzen jarraitzea. Berdintasunezko traturantz jo behar dugu, jarrera parekideak sustatuz.

Ezin dugu ahaztu gogoeta, eztabaida, antolaketa, konplizitatea, aliantzak, sare-lana eta erantzun kolektiboak oso garrantzitsuak direla emakumeen ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala bermatzen saiatzeko. Tresna horiek beharrezkoak dira edozein eremutan, publiko zein pribatutan, gertatzen diren erasoak ikusarazteko.

Aldi berean, ezinbestekoa da gure politikak eta baliabideak indartzen jarraitzea, indarkeria matxista mota guztiei aurre egiteko, baita ikusezinenei ere. Ezin dugu ahaztu eta ez dugu ahaztu behar emakumeek bakean bizitzeko duten eskubidea. Toki eta lurralde-erakundeek funtsezko erantzukizuna dute. Ezin dugu beste alde batera begiratu. Konpromiso argia, irmoa eta kolektiboa adierazi behar dugu. Matxismoari aurre egiteko, ezinbestekoa da konponbideak eta batasuna bilatzea. Emozioak, bizipenak eta enpatia aktibatu behar dira; ez da nahikoa erasoei modu teorikoan aurre egitea; horrelako jarrerei aktiboki ere egin behar diegu aurre.

Aurten, azaroaren 25ean, berdintasunean oinarritutako gizarte justu bat eraikitzeko konpromisoa berresten dugu, beti emakumeen aurkako indarkeriaren kontra agertuko dena. Lanean jarraituko dugu emakume guztiak duintasunez, askatasunez eta autonomiaz bizi daitezen.

Baikortasunez, eta batez ere, erabakitasunez.

Biotza Agirre, Ainhoa Dominguez, Leire Zubeldia, Patxi Amantegi, Xarles Iturbe, Iker Uson eta Javi Zabala (Tolosako EAJ-PNV’ko Udal Taldea)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!