Ikusteke dago nola justifikatzen diren BPXportek planifikatu eta konprometitutako inbertsio guztiak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2024ko urr. 4a, 13:46

BPXportek udal kirol instalazioak kudeatu dituen bi urte hauetan planifikatutako eta gauzatu behar zituen inbertsioei buruzko udal fiskalizazio txostenak jasotzeko zain jarraitzen dugu, instalazioetan inbertitutako benetako zenbatekoei buruzko arrazoizko zalantzak direla eta.

Tolosako EAJ-PNVko udal taldetik behin eta berriz EH Bilduren udal gobernuari BPXporti udal kirol instalazioetan egin beharreko inbertsioen inguruko betebeharrak betearazi ziezazkiola eskatu eta gero, udalak inbertsioak amaitzeko epea hilabetez luzatzeko erabakia hartu du.

Udaleko hainbat forotan kiroldegiko gaia askotan jorratu da aspaldian, eta nabarmentzekoa da abuztuaren 30ean egindako ezohiko osoko bilkura, udalaren eta BPXporten artean udal kirol instalazioak kudeatzeko emakida-kontratua adiskidetasunez desegitea onartu zena. Gu beti agertu gara konponbide elkarrizketatuaren eta adiskidetsuaren alde. Nolanahi ere, oso kritiko agertu gara BPXport enpresa Tolosatik kontratuz egin beharreko inbertsioak egin gabe joateko arriskuaren aurrean.

Begi bistakoa zen enpresa esleipendun berria, Kirolzer SL, udal kirol instalazioak kudeatzen hasi behar zen data iristen ari zela, eta bazirudien ez zegoela denbora materialik BPXportek kontratu bidez egin behar zituen inbertsioak egiteko kudeaketa eskualdatu aurretik. Udal gobernuak behin eta berriz erantzuten zuen inbertsioen ez-betetze oro, udalak BPXportek gordailututa zuen eta duen abalaren zati bat exekutatuz konponduko zuela. Guk, aldiz, beti egin genuen apustu BPXportek bi urte horietarako aurreikusitako inbertsio guztiak gauzatzearen alde.

Edonola ere, ikusteke dago nola justifikatzen diren BPXportek kirol instalazioak kudeatu dituen bi urte hauetarako planifikatu eta konprometitutako inbertsio guztiak. Gu udal fiskalizazio txostenen zain gaude. Enpresak kirol instalazioetan inbertitutako benetako zenbatekoei buruzko arrazoizko zalantzak baitaude.

Argi daukagu kontratuaren alde bakoitzak bere betebeharrak bete behar dituela, eta horregatik EH Bilduren udal gobernuari eskatu diogu BPXporti irmoki eska diezaiola hitzartutako inbertsio guzti-guztiak osorik eta gardentasunez bete ditzala, Tolosako herriak udal kirol instalazioak kontratu bidez hitzartutako baldintzetan berreskuratu ahal izan ditzan, ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

Orain arte bezala, tolosarron interesak zaintzen eta defendatzen jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!