TOLOSA. Apirilaren 29an egindako ohiko azken Osoko Bilkuran, EAJko Udal Taldeak EH Bilduren Udal Gobernuari eskatu dio, Tolosako Udalaren eskumen soila izanik, gaur egun hutsik dauden hainbat etxebizitza eta aparkalekuren esleipena egiteko, inolako justifikaziorik gabe atzeratzen ari direla uste duelako.
Alde batetik, Euskal Herria Plazan gazteentzako erreserbatuta dauden alokairuzko 25 apartamentuetatik, mezu hau argitara ematen den egunean 13 apartamentu hutsik eta erabilerarik gabe daudela aipatu du; horietako batzuk gainera urtebete bano gehiago daramate hutsik eta beste pare bat pasa den urteko uztailetik, esate baterako. 68 gaztez osatutako itxarote-zerrenda ez da azkeneko 9 hilabetetan mugitu ere egin, eta, beraz, EAJk Udal Gobernuari eskatu dio, azken hilabeteetan behin eta berriz egiten ari den bezala, beharrezko kudeaketak egin ditzala aipatutako 13 apartamentuak berehala gazteei eskaintzeko, aurreko legealditik indarrean zegoen itxarote-zerrendatik tiraka. Horretarako ez da behar inolako dekreturik.
Egoera berean daude, alegia, hutsik, Kondeaneko Aldapan eta Agaramundu 7an dauden 2 etxebizitza, hurrenez hurren. Egoera are larriagoa da, jakinda azken horiek mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat edo beren etxebizitzetan irisgarritasun-arazoak dituzten 70 urtetik gorakoentzat direla, eta erraz bete daitezkeela aurreko legealdian osatu ziren itxaron-zerrendetara joaz.
Bestalde, EAJk Arrillagan 105 aparkaleku-plaza emakidan emateko pleguak berehala argitaratzea eskatu du, egungo alokairuko lagapena iraungita dagoelako, alde batetik, eta bestetik, gaur egun Arrillagan 38 garaje-plaza huts daudelako. Talde jeltzaleak gogorarazi zuen iazko maiatzean utzi zuela prest garaje horiek esleitzeko deialdiaren proposamena, eta urte oso bat pasa eta gero, ez denez egin, garaje hutsen kopurua handitzen ari dela. Larramendi auzoak, ezta beste edozein auzok ere, ezin du onartu luxu hori.
Azkenik, talde jeltzaleak eskatu du lehenbailehen argitaratzeko, aurreko legegintzaldian egin zen bezala, hutsik dauden etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzen deialdia (4.000 eurotik 8.000 eurora, zonaldearen arabera), jabeei erreformak egitea errazteko, etorkizunean Eusko Jaurlaritzaren laguntzen Bizigune programaren barruan alokairuan jar ditzaten. Horren guztiaren helburua udalerrian alokairu babestuaren aukerak handitzea da, alokairuko errentak merkatuko prezioa baino txikiagoak izan daitezen.