Martxoaren 8a hurbiltzen ari da, Nazio Batuen Erakundeak 1977an onartu zuen Emakumeen Nazioarteko Eguna, emakumeen aurkako diskriminazio mota oro ezabatzeko, emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta gizartean erabateko parte hartzea lortzeko. Hau dela eta azken urteotan arlo politikoan ikusi dugun aurrerapen nabarmenari buruz hausnartzeko beharra sentitzen dugu. Gobernu-erakundeetan emakumeen presentzia gero eta handiagoa da, eta, zalantzarik gabe, ospakizuna eta merezitako esker ona kontuan hartzekoak dira.
Historian zehar, emakumeok oztopo esanguratsuak izan ditugu parte-hartze politikorako bidean, erronkaz betetako bidea izanik. Ezinbestekoa da gure aurreko emakumeek utzitako ausardia eta dedikazio ondarea aitortzea, hurrengo belaunaldiei bidea erraztuz. Gure ustez, lortzen ari den guztiari balioa ematea da helburua eta, aldi berean, egiteke dagoen horretan aurrera egiten jarraitzea. Ukabila mahai gainean jartzeko unea da, eta "aski da" oihuak denona izan behar du, gizon eta emakumeona. Zorionez, gure eguneroko bizitzako hainbat alderditan aurrera egiten lortzen ari gara, baina oraindik ibilbide luzea dugu egiteko. Gehienok nahi dugu gizarte feminista bat, non emakumeen eta nesken eskubideak babestuko diren, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna modu errealean, eta ez soilik sinbolikoan, emango den. Honela, emakumeek izan dezaketen desberdintasun-arazoa konponduko duten politika publikoak gauzatuz. Izan ere, emakumeak organo guztietan sartzeak hobekuntzak eragiten ditu pertsona, komunitate eta herrialde guztientzat.
Datuek dioten arabera, emakumeen ahotsak eta esperientziak ez daude: lau ministeriotatik batek baino gutxiagok du emakume bat buruan; eta, hala daudenean, genero-berdintasunari eta emakumeen eskubideei buruzko politiken zorroari erantzuten diote; gizonak, berriz, oraindik buru dira ekonomian, defentsan, energian eta bestelako botere-zorroetan. Lidergo politikoko postuei dagokienez, mundu osoan, emakumeek Estatu eta Gobernu Buruzagitzen % 10 baino ez dute betetzen. Datu horiek erakusten dute, halaber, emakumeek poliki-poliki egiten dutela aurrera, parte-hartze hori legeei esker ere badela ez da ahaztu behar, baina, hala ere, ez da nahikoa, ezin gara honekin konformatu. Parte-hartze honek naturala izan behar du, gure balioari esker ematen delako, eduki badugulako, eta lege hauen beharra ez izatea izan behar du helburu.
Politikan emakume garen aldetik, ama, profesional eta lider politiko gisa ditugun erantzukizunak orekatzeko lan zailari aurre egin behar diogu. Zailtasun hauei aurre eginik, behin eta berriz erakutsi dugu gure komunitateen mesedetan aldaketa zuzentzeko eta defendatzeko dugun gaitasuna, eta hori ordezkaritza politikoan gero eta emakume gehiagok islatzen dute.
Tolosako Udaleko zinegotzi gisa, harro gaude erabakiak hartzeko orduan genero aniztasuna baloratu eta sustatzen duen talde bateko kide izateaz. Aitortzen dugu, eta berriz azpimarratzen dugu, emakumeak politikan sartzea ez dela justizia ekintza bat bakarrik, gizarte zuzenagoak eta erresilienteagoak eraikitzeko beharra ere badela.
Egun honek, agenda feminista batek lehentasuna izaten jarraitzen duela gogorarazten digu. Gure posizio apaletik, eta tokiko politika egiten dugun emakume garen aldetik, konpromiso horren alde borrokatzen jarraituko dugu, konbentzimenduz, lorpenak azpimarratuz, baina, batez ere, sexu-indarkeriaren, zaintzaren, sexu-eskubideen, LGTBIQ eskubideen eta etnia-, arraza- eta kultura-berdintasunaren arloan, genero-ikuspegiarekin. Ziur gaude politika feministek lagundu egiten diotela eskubideak eta askatasunak dituen herri bati.
Emakumearen Nazioarteko Eguna aprobetxatuz, elkarrekin lan egiteko konpromisoa berritu nahi dugu, pertsona guztiek, beren generoa edozein dela ere, bizitza politikoan parte hartzeko eta guztien onerako aukera berdintasuna izan dezaten. Elkarrekin, berdintasuna guztiontzat errealitate bihur dezakegu.
Espero dugu data hau ospatu behar ez den eguna iristea, gainditutako erronka delako, eta guztion artean, kulturaren, musikaren eta beste abar askoren eguna bakean eta askatasunean ospatzea. Baina, bitartean, martxoaren 8a bezalako oroitzapen egunak babesten jarraituko dugu, gizarte bidezkoago eta hobeago baten alde.
Itxaropenez eta determinazioz,
Biotza Agirre, Ainhoa Dominguez eta Leire Zubeldia
Tolosako EAJko zinegotziak