Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Tolosako EAJ-ren hausnarketa Usabalgo aferari buruz

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2023ko azaroaren 17a

Usabal Kiroldegiko aferari buruzko azken gertakarien aurrean, Tolosako EAJ-PNV-k honako hausnarketa hauek partekatu nahi ditu Tolosako herriarekin:

  1. Tolosako EAJ-PNV-k positibotzat jotzen du Usabal Kiroldegiko langileek azaroaren 16an (osteguna) jakinarazi zuten greba mugagabearen amaiera; era positiboan baloratzen dugu langileek hartutako erabakia.

  2. Tolosarrek (kirol-klubek, kirolariek, erabiltzaileek oro har) udal kirol-instalazioak berriz ere erabiltzen eta gozatzen hasteko premia zuten; normaltasuna berreskuratzea behar-beharrezkoa zen.

  3. Gatazka guzti honetan zeresana izan duten eragile guztiak hausnarketa kritiko bat egitera gonbidatzen ditugu (baita Tolosako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei, tartean gu), guztion artean, bizitako egoera berriro ere errepika ez dadin saia gaitezen; elkarrizketaren tresnak, proportzionaltasunaren printzipioak eta segurtasun juridikoaren lan-markoak dira epe motz eta ertain batean konponbide egonkor eta iraunkor baten erdiestera gidatu beharko gintuzketen aldagaiak.

  4. Bat gatoz ideia honekin: beharrezkoa da lanean jarraitzea kirola eta jarduera fisikoa pertsonen ongizate fisikoaren eta emozionalaren zati banaezin gisa onartua izan dadin, osasunaren ikuspegi integral batetik begiratuta. Horrek, gutxieneko zerbitzuak ahalbidetzea ekarriko luke halako egoeratan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!