Xarles Iturbe Pasaban: “Eskerrik asko gure taldean konfiantza izan duten tolosar guztiei. Tolosaren alde eta Tolosarako lanean jarraituko dugu"

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2023ko mai. 29a, 14:54

  • Bigarren indar bozkatuena izan ondoren, pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko apustu berriekin aurrera egiten jarraituko duen Tolosaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute jeltzaleek.
  • Xarles Iturbe: “Gure gain hartzen dugu oposizioan arduraz eta apaltasunez lan egiteko erronka, orain arte egin dugun bezala. Herritar guztiekin eta guztientzat, gertutasunetik eta entzuketa ariketa nekaezinean”

Atzoko hauteskunde egunaren ostean, Tolosako EAJ-PNVk eskerrak eman nahi izan dizkie bere hautagaitzan konfiantza agertu duten tolosarrei. Xarles Iturbe Pasaban hautagai jeltzalea, bigarren indar bozkatuenaren burua, “oso eskertuta” agertu da herritarren babesarekin: "3.464 tolosarren babesa lortu dugu, eta, beraz, pertsona askok babestu dute legegintzaldi honetan egin dugun lana, Olatz Peon Ormazabal alkate dela, eta bihotzez eskertu nahi diot Tolosa guztiontzako leku hobe bihurtzeko 8 urtez egindako lana". EH Bildu izan da indar bozkatuena eta Iturbek lortutako emaitzengatik zoriondu du, bai EH Bildu bai PSE-EE.

Hautagai jeltzaleak onartu du ez Tolosan, ez Gipuzkoan, ezta Euskadin ere, EAJk ez dituela espero zituen emaitzak izan. “Indar bozkatuena izan gara Euskadin, baina abisua argia ere izan da, eta kontuan hartzen dugu etorkizunari begira. Parte-hartze baxua erabakigarria izan da, eta emaitzei erreparatuta, hausnarketa prozesua egingo egitea beharrezkoa da”. Bestalde, atzoko emaitzek erakusten digute Tolosako aniztasuna duela lau urtekoa baino zabalagoa dela, eta tolosar guztientzat lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, orain arte egin dugun bezala", adierazi du Iturbek.

“Orain arte bezala, erantzukizunez eta apaltasunez lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, hurbiltasunetik, entzute aktiboarekin eta elkarrekiko errespetuarekin. Orainetik, baina etorkizunaz ahaztu gabe, ongizateari, enpleguari, euskarari, kulturari eta berdintasunari lotutako proiektu eta programa berriak bultzatuz, beti ere tolosarrak gure politika eta erabaki guztien erdigunean jarriz”, nabarmendu du.

Azkenik, Iturbek tokiko eragileekin eta Tolosako herritarrekin harreman estuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du, eta udalbatza berria osatuko duten gainerako alderdi politikoekin gauza bera egitea espero du: “Elkarlanean eta modu eraikitzailean lan egin behar dugu, modu positiboan, Tolosari eta tolosarrei mesede egingo dieten proiektuak garatzen jarraitzeko”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!