Xarles Iturbe Pasaban, EAJko alkategaiak #izanTOLOSA entzute ariketa jarri du abian

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2023ko urt. 19a, 19:00

Tolosako EAJ-PNVk eta bere alkategaiak, Xarles Iturbe Pasaban tolosarrak, entzun eta euren proposamenak jasoko ditu aurrez aurre, kafe baten bueltan eta bide telematikoen bidez, besteak beste, Whatsapp bitartez, #izanTolosa entzute ariketaren bidez.

Tolosako EAJ-PNVk #izanTOLOSA entzute ariketa jarri du abian herritarren ekarpenak bertatik bertara jasotzeko eta herriko eragile ezberdinekin hitzartzeko. Xarles Iturbe Pasaban alkategaiak tolosarrak entzun eta euren proposamenak jasoko ditu aurrez aurre eta bide telematikoen bidez. Halaxe jakinarazi du EAJ-PNVren hautagaiak berak Tolosako batzokian eskaini duen prentsaurrekoan, lau alderdikidek lagunduta: Itxaropena Urkiola, Jokin Azkue, Nuria Carbonell eta Jon Zalduendo.  

«EAJ-PNVk 2023ko udal hauteskundeetarako programa osatu nahi du. Tolosar guztien ekarpenekin. Pertsona guztiek eginiko proposamena izatea nahi dugu, pertsona guztientzat egina. Herrigintza, herritarrekin eginez, Tolosako herritarren ahotsa entzun nahi dugulako. Guztiok osatzen dugu Tolosa eta ekarpenak jaso nahi ditugu guztion beharrei erantzungo dien proposamena garatzeko”, azaldu du Iturbek. Tolosako EAJko alkategaiak, gizarteak politika egiteko eta politikariekin harremanetan jartzeko bide berriak eskatzen dituela adierazi eta erronka horri eutsi nahi diotela gaineratu du: “Tolosako norbanako eta elkarteen ekarpenak jasotzen jarraitu nahi dugu. Ezinbestekoa da gure proposamenak Tolosako txoko guztietan bizi diren errealitateak eta beharrizanak aurreikustea: Tolosa anitza delako eta denon artean herri hobeagoa eraikitzen jarraitzeko gaitasuna dugula argi dugulako».

 

#izanTOLOSA: zuk hitza, guk kafea

Beharrak eta etorkizuneko erronkak etengabe aldatzen dira, baita gizartea eta haren eskakizun eta kezkak  ere; horregatik, ezinbestekoa da interakziorako eta etengabeko ebaluaziorako aukerak eskaintzea. Zentzu honetan, Tolosako EAJ-PNVk parte-hartzea eta elkarlanerako dinamika sustatu eta aberaste aldera sortutako ekimenak tolosarren etorkizuneko lehentasunak ezagutzea du helburu eta #izanTOLOSA, zuk hitza, guk kafea izena jarri diote datozen hilabeteetan bultzatuko duten entzute ariketari. “Tolosarrok dugun nortasuna balorean jarri nahi dugu #izanTOLOSA-rekin. Elkarlanera ohituta gaudelako eta horretaz harro gaudelako. Herri honen altxorretako bat delako”, azaldu du Iturbek.

Bide honi ekiteko, alde batetik, Agenda Soziala osatzen ari dira eta aste bakoitzean arlo baten inguruko elkarte eta erakundeak bisitatuko dituzte. «Ateak zabalik ditugu gurekin harremanetan jarri nahi duten elkarte, enpresa eta bestelako eragileentzat. Guztion artean etorkizuna ereiten jarraitzeko», adierazi du. Bestalde, norbanakoek ere izango dute hautagaiarekin elkartu eta proposamenak aurrez aurre  helarazteko aukera. Horretarako, bide ezberdinak izango dituzte. Nahi duenak, 688 625230 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezake, baita Whatsappez ere. Nahiago duenak, ondoko helbide elektronikora idatzi dezake: tolosa@eaj-pnv.eus. Xarles Iturbe alkategaiarekin elkartzeko ordutegia ondokoa izango da: astearte, asteazken edo ostegunetan, 15.00etatik 17.00etara. Aipatutako bideetako batetara idatziz eskatu daiteke hitzordua. «Ordutegi bat zehazte aldera jarri dugu ordu tarte hori baina, malguak izango gara eta norbaitek beste momenturen batean elkartu nahi badu, idatzi lasai eta egokituko dugu hitzordua», nabarmendu du Iturbek.

«Aurrean ditugun erronkak ez dira nolanahikoak eta horiei guztiei aurre egiteko garaian pertsonak erdigunean jarri nahi ditugu. Esperientziak erakutsi digu parte-hartze egitasmoekin aberastu egiten direla alderdiok ditugun ideia eta proiektuak. Horregatik, beste behin, gure ateak zabalik ditugula gogorarazi nahi dugu eta nirekin elkartzera gonbidatu nahi ditut herritarrak. Ekarpenak entzuteko gogoz nago, bertatik bertara, goxo, kafe baten bueltan», gaineratu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!