Xarles Iturbe Pasaban da Tolosako EAJren alkategaia eta elkarlan zein gertutasunetik gidatuko du taldea

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2022ko aza. 11a, 13:23

Olatz Peonen ustez pertsona eta hautagai «ezin hobeak hartuko du bere lekukoa, «Tolosa eta udal kudeaketa ondo ezagutzen dituen tolosarra da, talde lanean sinisten duena, entzuten dakiena, gertukoa, umila, baikorra eta langilea. Uste dut taldea gidatzeko eta herri honek dituen erronkei aurre egiteko pertsonarik egokiena, hoberena dela».

Xarles Iturbek, bere aldetik, «ilusio eta emozio handiz» heltzen dio erronkari, «bihotzez estimatzen dut nigan jarritako konfiantza, ez dago ohore handiagorik tolosar batentzat. Herrigintzan eta alderdi honen baloreetan sinisten dut, sinisten dut emandako hitzaren balioan eta orain artean Eusko Alderdi Jeltzaleak herri honi eskaini dion bide orrian: defendatzen dugun hiri-ereduan, elkarlanaren premian eta pausoz-pausoko lan isilaren garrantzian. Nire onena emango dut eta orain arte bezala, entzuketa nekaezina, talde lana eta emandako hitzari errespetua izango dira gure jardunaren iparrorratzak».

Zerkausiko terrazan egindako ekitaldia

Tolosako EAJ-PNVk Xarles Iturbe Pasaban aurkeztu du datozen hauteskundeetarako alkategai, Tolosako EAJk bere hautagaitza babestu eta berretsi ostean. Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak eta Olatz Peon Tolosako egungo alkateak Zerkausiko terrazan egindako ekitaldian babestu dute «gertutasuna, umiltasuna, baikortasuna eta lanerako kemena» duen pertsonaren «adibide garbia» den hautagai berria, alderdikideekin batera.

Olatz Peonek «ilusio handiz» aurkeztu du alkategaia eta aurrez, «tolosar guztien interesen alde lan egiteko konpromisoarekin» duela 8 urte udalaren gidaritzan hasi zuen ibilbidea izan du mintzagai, «oso esperientzia aberasgarria, ikasketez betea eta zenbait momentuetan gogorra ere». «Ohorea da niretzat Tolosaren alde lan egiteko aukera hau izatea. Ekimen berriak sustatuz, aktiboki, eta helburu bakar batekin: Tolosa hobetzea Tolosarekin eta tolosarrekin hartu dugun konpromisoa betez eta agertutako beharrei erantzunez. Halaber, kudeaketa ona, gardentasuna, hurbiltasuna eta entzute aktiboa helburu aritu gara une oro lanean. Nire esker ona adierazi nahi diet alboan eta bidelagun izan ditudan pertsona guztiei, herritarrak, udal teknikari eta alderdikideak ere bai», azaldu du. Lekukoa esku «ezin hobetan» uzten duela azaldu du: «Pertsona eta hautagai ezin hobeak hartuko du nire lekukoa. Xarles Iturbek. Bere esperientziaz, ezagutzaz eta ibilbideaz luze jardun dezaket. Tolosa eta udal kudeaketa ondo ezagutzen dituen herritarra da. Munduan barrena ibili den tolosarra da eta lau hizkuntza hitz egiten dituena. Aurten, urte hasieran hartu zuen Merkataritza, Azokak eta Turismo zinegotzi ardura eta herriko ekonomiari behar duen bultzada emateko gogoz ari da lanean. Ziur naiz datozen urteetan ere gogor eta gogoz ariko dela lanean».

Batez ere, Iturbek dituen «ezaugarri eta balio pertsonal nagusien artean», «gertutasuna, umiltasuna, baikortasuna eta lanerako kemena» nabarmendu ditu Peonek. «Talde lanean sinesten duen pertsona da Xarles. Entzuten dakien pertsona ere bai, eta bere herria maite duena. Herrian gertatzen denarekin ardura agertzen duena. Hori guztiaren adibide garbia da Xarles. Tolosarrek eguneroko bizitzan dituzten arazoak ondo ezagutzen ditu. Tolosa bizi duen herritarra baita», adierazi du egungo alkateak. Halaber, erronka honi heldu izana eskertu dio hautagai berriari: «Agertutako prestutasunagatik. Zure konpromisoagatik, eta beti erraztasunak emateagatik, irribarre batekin ahoan». «Uste dut, taldea gidatzeko eta herri honek dituen erronkei aurre egiteko pertsonarik egokiena, hoberena zarela», gaineratu du Peonek.


Ilusio eta emozio handiz

Xarles Iturbe Pasaban, tolosarra da eta 44 urte ditu. Ezkondua dago eta hiru semeren aita da. Ingeniari Industriala da; MBA master bat dauka eta espezializazio kurtso desberdinak egin ditu, besteak beste, eraikuntzarako instalazioen eremuan eta garapenerako nazioarteko lankidetzaren esparruan. 20 urteetan zehar ingeniaritzari eta garapenerako nazioarteko lankidetzari eta lehen sektoreari lotutako erakunde, instituzio eta enpresa desberdinetan jardun du lanean. Aurten, urtarrilean hartu zituen Merkataritza, Azokak eta Turismoko zinegotzi ardurak Tolosako Udalean. Iturbek «ilusio eta emozio handiz» du beregan jarritako konfiantza eta bere lehen hitzak Tolosako Eusko Alderdi Jeltzaleari eskaini dizkio: «Bihotzez estimatzen dut nigan jarritako konfiantza eta eskaini didazuen ardura eta ohorea. Eskerrik asko benetan». Era berean, «erronka potolo honi eusteko», erabakia hartzeko garaian, bere ondoan «eskuzabaltasunez» izan dituen «adiskideak, alderdikideak, eta batez ere, etxekoak” eta baita «goitik begira» dituen gurasoak izan ditu gogoan: «Naizenaren parte handi bat zor diedalako». Azken hilabeteetan udal gobernukide izan dituen «jeltzale finak» ere aipatu ditu: «Ez dakizue zenbat estimatzen ditudan zuen konfiantza hitzak eta zuen irakaspenak». Eta, bereziki, Olatz Peonen laguntza eskertu du: «Nire begirune eta miresmen osoa zuretzat. Alderdiaren balorerik ederrenak pertsonifikatzen dituzulako, konpromiso nekaezina, hurbiltasuna, herriari maitasuna, emandako hitzari errespetua… Hasiera-hasieratik zure jakintza eta eskarmentua nire eskura ipini dituzu eta zure babesa sentiarazi didazu. Eskerrik asko zure maisutasunagatik».

Iturberen ustez, tolosar batentzako «ez dago ohore handiagorik», «herrigintzan eta alderdi honen baloreetan sinisten» duelako: «Sinisten dut emandako hitzaren balioan eta sinisten dut orain artean Eusko Alderdi Jeltzaleak herri honi eskaini dion bide orrian: defendatzen dugun hiri-ereduan, elkarlanaren premian eta pausoz-pausoko lan isilaren garrantzian».

Nortasunaz harro eta munduari irekia dagoen komunitatea

«Ekonomikoki oparoa den Tolosa bat behar dugu, bere nortasunaz harro dagoen komunitate bat eta neurri berdinean abegitsua eta eskuzabala dena, munduari irekia dagoena; tolosar guztien ongizateaz arduratzen den herri bat, inor bide bazterrean utzi gabe; eta nola ez, euskaltzalea, kulturalki bizia eta XXI. mendeak mahaigaineratzen dizkigun berdintasunaren, aldaketa klimatikoaren eta jasangarritasunaren erronkei sendotasunez erantzuten asmatu behar duena», nabarmendu du hautagai berriak. Halaber, Tolosak «tolosar izanari lotutako berezko altxor bat» azaldu du: «Gure txikitasunean, elkarlanera ohituta gaude, ehun sozial sendo bat dugu eta komunitate sena oso barneratuta daukagu. Zentzu horretan, harro nago tolosarra izateaz eta bat egiten dut balio bereizgarri horiekin guztiekin».

Amaitzeko, «bere onena» eskainiko duela hitza eman du Iturbek eta «bide horretan eta orain arte bezala, entzuketa nekaezina, talde lana eta emandako hitzari errespetua» bere jardunaren iparrorratzak izango direla nabarmendu du. «Udal politikagintzaren hobe beharrez, ideia eta eredu desberdinen ekarpenei bizkarrik eman gabe, geurea, Eusko Alderdi Jeltzalearena, dotoreziaz eta umiltasunez defendatuko dut, tolosarren behar eta lehentasunak betiere erdian ipinita», gaineratu du Iturbek.

Egibarrek bere aldetik, «hautaketa oso ona» egin dela eta pausoa Iturbek eman izana eskertu du. «Politika lurperatu nahi duten guzti horien aurrean eta desafekzio garai hauetan herrigintzan sinisten du. Harro esaten dut eta eskerrak eman nahi dizkiot bere burua baino beste zerbait maite duela erakusten duelako: bere herria. Udala, guztion etxea zaintzeko eta eraikitzeko gaitasuna eta erabakia hartua du», azaldu du. Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak proiektuak garatzeko gehiengo demokratikoa behar dela nabarmendu du eta abertzaletasuna ardatz hartuta aurrera egin behar dugula gaineratu du. Peoni ere eskertu dio egindako ibilbidea eta esperientziatik abiatuta, «Tolosa berri eta hobe baten alde» lan egin behar dela adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!