Amasako errepidearen berrikuntza aurrera doa EAJ buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadari esker

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Villabona 2026ko otsailaren 11

Obren lehen fasea, Aldundiak % 100ean finantzatua, abian da. Bigarren faseak finantzaketa akordio bat du, baina 14 hilabete baino gehiago daramatza sinatu gabe, udalaren bultzada faltagatik.

Amasa-Villabonako EAJk positibotzat jo du Amasako errepidea hobetzeko obrak hastea. Izan ere, herritarrek asko eskatu dute lan hori, segurtasun eta irisgarritasun arrazoiengatik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoari eta bultzadari esker gauzatzen hasi da.

Jarduera bi fasetan egituratzen da, argi eta garbi bereizita, bai gauzatzeari dagokionez, bai finantzaketari dagokionez.
Lehen fasea, martxan dagoena, 413.560 euroko aurrekontua du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du osorik ( % 100). Aldundiak bere gain hartu du hasierako esku-hartze hori, herriko sarbidea hobetzeko eta oinezkoen segurtasuna indartzeko.

Proiektuaren bigarren fasea, guztira 1.079.000 euroko kostuarekin, badu bi erakundeen arteko finantzaketa akordio bat, zeinak % 60ko ekarpena ezartzen baitu Amasa-Villabonako Udalaren aldetik eta % 40koa Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik. Hala ere, akordio horrek 14 hilabete baino gehiago daramatza sinatzeke, eta horrek atzeratu egiten du jarduera osatzeko funtsezko fase horren hasiera.

Jeltzaleen taldetik argi eta garden jokatu nahi dugu herritarrekin: akordioa badago, baina ez da formalizatu, eta sinatzen ez den bitartean, bigarren fasea ezin da abiatu. Foru Aldundia prest agertu da aurrera egiteko, baina ezinbestekoa da Udalak beharrezko urrats administratiboa ematea proiektua behin betiko desblokeatzeko.

Obra honek Amasaren eskaera historiko bati erantzuten dio, bereziki oinezkoen eta ibilgailuen segurtasunari dagokionez, eta EAJren ustez funtsezkoa da inplikatutako erakunde guztiek erantzukizunez eta arduraz jokatzea, proiektua lehenbailehen osatu ahal izateko.

«Lehen fasearen hasierak erakundeen borondatea dagoenean proiektuek aurrera egiten dutela erakusten du. Orain, adostutakoa formalizatzeko unea da, bigarren faseak beharrezkoak ez diren atzerapenak pilatzen jarrai ez dezan», adierazi du Eneko Urdangarin EAJk Amasa-Villabonan duen bozeramaileak.

«EAJtik Amasarekin eta Villabonarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, beharrezkoak diren azpiegiturak zorroztasunez, datu argiekin aurrera atera daitezen lan eginez eta beti bizilagunen ongizatean eta segurtasunean pentsatuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!