Euskadik langabeziaren kudeaketa bere gain har dezan adostu den akordioa ospatu du Maribel Vaquerok

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Villabona 2025eko irailaren 18a

Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile Maribel Vaquerok defendatu duenez, langabezia-prestazioen kudeaketaren eskumena eskualdatzeko akordioa «aurrerapauso handia da Euskadirentzat».

«Oso balorazio positiboa egiten dugu, oso pozik gaude gaur lortu den akordioarekin, Eusko Jaurlaritzak bere gain har ditzan langabeziaren kudeaketari dagozkion eskuduntzak», esan du gaur, asteazkenarekin, euskal taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok Kongresuan bertan Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Autogobernu eta Administrazio Digitaleko sailburuaren eta Joaquín Pérez Rey Enpleguko eta Gizarte Ekonomiako estatu-idazkariaren artean egin den bilera amaitutakoan, non langabezia-prestazioak eta -subsidioak kudeatzeko eskumenak Euskadiri transferitzea hitzartu baita.

«Iragan uztailean ezin izan zen, baina ematen du gaur, Eusko Jaurlaritzaren eta euskal taldearen ekinari esker, lortu ahal izan dela akordio hauek adostea», adierazi du Vaquerok. Udan, hain zuzen, bozeramaile jeltzaleak txalotu egin zituen autogobernu alorrean Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko Batzorde Mistoan  eman ziren aurrerapausoak, EAJ eta PSOEren artean inbestidurarako adostu zen akordioan jasotakoa betez. Une hartan Pedro Sanchezi ohartarazi zion  oporren bueltan izango zuela «errebalida», eta orduantxe zain izango zuela euskal taldea.

«Pauso handia da Euskadirentzat eta EAJrentzat, hemen (Madrilen) zertarako gauden erakusten duelako. Esan nahi du egunero egiten dugun lanak azkenean emaitzak dakartzala», azpimarratu du Vaquerok.

Era berean gogoratu du erabaki honekin betetzen dela  Gernikako Estatutuaren beste zati bat, «osorik bete gabe jarraitzen duena», bai eta EAJk PSOErekin izenpetu zuen inbestidura akordioan jasotakoa ere. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenaren ildo beretik gogoratu du «akordioa gauzatzeko hainbat bilera falta direla», eta nabarmendu du euskal taldeak «jarraipena egingo duela behar besteko urratsak eman daitezen adostu den eskualdaketa errealitate bat izan dadin».

Gaur adostutakoak dakar Euskadik bere gain hartuko dituela Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) 30 bulegoak eta bulego horietan lan egiten duten 530 langile baino gehiago. Urriaren amaieran bilduko da Transferentzien Batzorde Mistoa, eskualdaketa lantzen jarraitzeko eta Gernikako Estatutua betetzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!