Amasa-Villabonako EAJ-k ez dio ezezko bozka eman EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu proposamenari; eta ez du horrela jokatu udal gobernuak EAJ-k proposatutako adineko pertsona autonomoentzako zentroa abian jartzeko, Arratzaingo errepidean oinezkoentzako segurtasunerako neurriak hartzeko eta Amasako errepidea egiteko diru ekarpen handiagoa egiteko konpromisoa hartu duelako.
Hala ere, Amasa-Villabonako EAJk EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuak kritikatu du, planteamenduaren faltagatik. Alderdi jeltzalearen iritziz, aurrekontuak ez dio anbizioz erantzuten herritarren egungo beharrei, eta ez du hobekuntza esanguratsuak bultzatuko duen proposamen berritzailerik edo ausartik.
Udal-kudeaketa sendoa behar den testuinguru batean, aurrekontuak funtsezko erronkei heldu beharko lioke, hala nola Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra bultzatzea etxebizitzak eraiki ahal izateko eta gazteak Amasa-Villabonan geratu ahal izateko; Oriamendiko edo Arratzaingo bidea, espaloiak konpontzea, adineko pertsona autonomoentzako eguneko zentroa eta gizarte-politika publiko ausartagoak. EH Bilduk kudeaketa jarraitzaile eta kontserbadorea gauzatzen du, eta ez ditu aurrekontuak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzen.
Argibiderik argiena inbertsioen atalarena da; izan ere, zaborren tasak %40 igo ondoren, inbertsioa nabarmen jaitsi da 2024an 636.000 eurotatik 2025eko 292.000 eurora.
Aurrekontuaren lehen zirriborroaren ondoren, EAJ-k abstentzioaren alde egin du; izan ere, azaroan zehar gobernu taldearekin zenbait proposamen adostea lortu baitugu; hala nola, Fleming eta Erniobeara doazen gazteek zein Arratzaingo futbol zelaira edo kiroldegira doazen gazteek erabiltzen duten Arratzaingo errepidearen segurtasunari erantzun irmoa emateko konpromisoa.
Era berean, EH Bilduk konpromisoa hartu dute 2024ko kontuak itxi ondoren, Amasako errepidea egin ahal izateko soberakinetik behar den kopurua pasatzeko (Aldundiak bi urtean 600.000 euroko konpromisoa hartu du dagoeneko), eta, behingoz 2025ean Txermingo aparkalekua asfaltatzeko.
Amasa-Villabonaren etorkizuna marrazten duen ibilbide-orri argi baten falta sumatzen dugu oraindik ere, eta Amasa-Villabonako herriarentzat etorkizunerako proiektu argirik gabe gobernatzen aritzeak kezkatzen gaitu. Eta EH Bilduk beste erakunde eta aurrekontuekiko duen jarrerak ere kezkatzen gaitu; izan ere, aurrekontu horiek oztopatzeak Amasa Villabonako herriak behar dituen zenbait soluzio errealitate bihurtzea eragozten du. Hori hala izanda ere, guk lanean jarraituko dugu Amasa-Villabonako biztanle guztien beharrei erantzuna bilatzeko.