«Herrria oldartzen: lehengo lepotik burua»

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Villabona 2024ko mar. 6a, 14:39

Amasa-Villabonako EAJ udal taldeko kideok aurreko asteko udalbatzan gertatutakoaren harira hau adierazi nahi dugu:

Oso larria iruditzen zaigu pleno areto batean Tolosako Inauteritako gertakariei buruzko mozioaren eztabaidan eta eztabaidaren ondoren gertatutakoa. Zenbait herritarrek EAJko zinegotziak iraindu gintuzten, plenoko presidenteak (alkateak) horren aurrean ezer egin ez zuelarik. Ez soilik isiltasuna ez eskatu, ez soilik errespetua ez eskatu, ez soilik aretoa uztea ez eskatu, baizik eta berrogeita hamar pertsona baino gehiagok osatzen zuten taldeak aretoa utzi zuen unean, alkate eta EH Bilduko 7 zinegotziek, beren txaloak eskaini zizkieten.

2023ko ekainaren 17an bizikidetzaren alde egingo zuela agindu zuen pertsona bera sor eta gor gelditu zen zenbait pertsona 665 amasar eta billabonatarren ordezkarien kontra ari ziren bitartean. Eta hori, adierazi bezala, oso larria da.

Guk, zegokigun lana egin genuen, hau da, gaiak aztertu eta gure ustez egokiak zirenen alde egin; izan ere aipatutako 3. puntuaz gain, beste gai batzuk ere izan ziren bilkuran. Honela, Gazan bortizkeria jasaten ari diren palestinarren alde egingo duen Mundu bat GKEri 5.000 euro ematea ahalbideratuko duen kreditu aldaketa babestu genuen. Gure ekarpena izandako Amasako kultur etxean dagoen jatetxearen esleipen prozeduraren alde ere egin genuen eta, era berean, Martxoaren 8rako EH Bilduk aurkeztutako mozioaren puntuz puntuzko bozketan, horietako 3 babestu genituen. Beraz, EAJren zinegotzien jokaera eraikitzailea da eta herritarren alde egiten du, zalantzarik gabe.

Hirugarren puntuan, gure ustez planteamendu guztiz desegokia zuen mozioari kontrako botoa eman genion, bai. Baina, gai horretan hitza hartu zuen zinegotziak ongi adierazi zuen bezala, EAJk elkartasuna adierazi zien -eta die- zauritutako mutilari eta haren familiako kideei, eta, aldi berean, jazotakoaren inguruko ikerketa lehenbailehen burutu dadila eskatu zuen. Bestelakorik esaten duena gezurretan ari da.

Berriki publiko egin diren informazioen arabera, argi dago guk azaldu genuen ikerketaren beharra egokia zela eta, beraz, jaso genituen irainek ez zutela ez bururik ez hankarik. Senitartekoen amorrua ulergarria izan badaiteke ere, oso kezkagarria eta etsigarria iruditzen zaigu EH Bilduko arduradunek iraganeko jokabideak errepikatzea eta herri ordezkarien kontrako irain eta koakzioak horrela ahalbidetzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!