Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Villabona 2023ko uztailaren 18a

Euskalgintzako eragileekin batera Amasa-Villabonako EAJko hautetsiok zera adierazi nahi dugu: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak idatzarazi digula idatzi hau.

Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sentenzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu.

Bide batez adierazi nahi dugu herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori. Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du.

Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabala babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan, hain zuzen, ehunka alkate eta udal ordezkari bildu ziren atzo EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalagoaren parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Epai honen ondoren, salaketa are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez. ere, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde.

Amasa-Villabonan, 2023ko uztailaren 14an

Amasa Villabonako EAJ Udal Taldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!