Ibarrako EAJk udalek euskara sustatzeko duten eskubidea dedendatuko du

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Ibarra 2025eko uztailaren 24a

Rodrigo Vilar Aranda ibarrako EAJko presidentea haserre agertu da PPren eta Voxen helegitearen aurrean, eta jeltzaleek euskararekin duten konpromisoa berretsi du.

"Onartezina iruditzen zaigu PPk eta Voxek toki administrazioan euskara komunikazio hizkuntza gisa indartzeko dekretuaren aurkako helegitea aurkeztea", esan du Rodrigo Vilar Arandak. Bere ustez, Auzitegi Gorenean aurkeztutako errekurtsoak (Voxek zenbait artikulu partzialki baliogabetu ondoren) "arriskuan jartzen du udalek, errealitate soziolinguistikoaren arabera, zein hizkuntzatan lan egin nahi duten erabakitzeko duten eskubidea". 

"Auzitegi Gorenaren epaiak euskarari lehentasuna ematen zioten funtsezko artikuluak baliogabetzen ditu, eta horrek euskararen normalizazioa eragozten du, are gehiago gutxienez 12. artikulua (toki-erakundeei euskararen erabilera egoera soziolinguistikoaren arabera planifikatzeko eta arautzeko ahalmena ematen diena) Auzitegi Gorenak berak
onartu duenean", salatu du Vilarrek.

Ibarrako bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, Ibarrako EAJ ez da isilik egongo eraso honen aurrean. "Gero eta jende gehiagok hitz egiten du euskaraz udalerri honetan. Errealitate hori toki administrazioan ere isladatu dadin ari gara lanean: tramitazioan, komunikazioan... azken finean, gure herriaren bizitza publikoan”, gehitu du. Zentzu horretan, iragarri du datozen asteetan mozio bat bultzatuko dutela Ibarrako Udaletik lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari aipatutako dekretua indartzeko eskaera helarazteko, baita injerentzia judizialen aurrean hobeto blindatzeko bideak aztertzeko ere, hizkuntza aukera uneoro errespetatu eta defendatuko dela bermatzen.

Azkenik, mezu hau bidali nahi izan die Vilarrek Ibarrako herritarrei: "mundu guztiak du aukeratzeko eskubidea, euskaldun zein erdaldun izan. Kontua ez da inposatzea, hautua errespetatzea baizik. Ibartar guztiei eskatzen diegu erakundeen bultzada honen parte izateko, hizkuntza-askatasuna eta euskararen normalizazioa babesteko.”

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!