Ibarrako etorkizuna marrazten: oposizio eraikitzailea eta komunitatearekin konprometitua

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Ibarra 2024ko mar. 19a, 09:57

Urte erdi pasa da legealdi berriari ekin genionetik eta guztiontzat den Ibarra baten alde lan egiten jarraitzen dugu. Argi daukagu oposizioa eraikitzailea izan behar duela, ekarpenak egin eta herriaren eta herritarren alde lan egitea da gure helburua.

Lehenik eta behin, gobernu batzarrean egoteko aukera izatea ospatu nahi dugu. 2011. urtetik bozka eman zigutenei ordezkatzeko eskubidea ukatua izan dugu, orain EAJ-ren lan bateratzaileari eta alkatearen borondate onari esker berreskuratu duguna.

Giro bakegile eta eraikitzaile honetan, gure ideiak gehitu nahi izan ditugu Ibarrari bizi berri bat emateko. Hala izan da Ibarrako ikastolako jolastokiaren inguruan egin diren herri bileren kasuan, herritar guztiek erabili dezaketen espazio publikoa. Bertan gure ekarpenak egin, eta jasotako beste hainbatekin batera, eremu partekatu moldagarri bat lortu dugu ikasleentzat eta herriarentzat. Beti ikuspuntu jasangarri, irisgarri eta berritzaile batetik.

Bestetik, aurtengo aurrekontuetara begira, gure hauteskunde programan aurkeztutako 3 ideia proposatu genituen. Hauetako bi atzera bota zizkigun udal gobernuak eta hirugarrena etenda gelditu da, etorkizunean aztertuko denaren esperantzarekin. Gure lehenengo saiakeran legealdi honetan EH Bildu-ko gobernuaren ezezkoa jaso arren, guk ekarpenak eta ideak ematen jarraituko dugu, inongo trabarik jarri gabe, hori baita bide egokiena Ibarrak aurrera egin dezan.

Ibarrako etorkizuneko proiektuak ondo aztertu ditugu, besteak beste, herriko mugikortasuna aztertuko duen ikerketa. Bertan, gune ezberdinak aztertuko dira zirkulazioa eta aparkaleku egoera hobetzeko. Aparkalekuen kasuan, ados gaude Zaldunen parking zonalde bat sortzearekin, eta ikerketa hau Euskal Herria kalera ere zabaltzea gustatuko litzaiguke, Tolosako sarreraren inguruan gehien bat. Gune honetan dagoen aparkaleku arazoa aztertu nahi dugu, ez baita erraza aparkatzeko lekurik aurkitzea merkataritza-ordutegian. Hainbat aldiz adierazi digute inguru honetan garajea duten pertsonek ez dituztela hauek erabiltzen, eta hori izan daitekeela arazoaren jatorrietako bat. Ikerketa honek errealitatearekin kontrastatzea ahalbidetuko liguke, eta aztertu ea inguru honetan hori baino arazo handiago bat dagoen aparkalekuekin, lehenbailehen irtenbide bat aurkitu ahal izateko.

Era berean, garrantzitsua iruditzen zaigu Ibarrako kiroldegiaren ikerketa jarraitzea. Bertan, kiroldegia publiko egitea eta instalakuntzak nola hobetzea aztertuko da. Alde batetik, ados gaude kiroldegia publikoa egitearekin, honek zerbitzua eta langileen baldintzak hobetzen baditu eta ez badu herriarentzat gehiegizko gastua suposatzen. Bestetik, arreta berezia jarriko dugu gimnasioaren azterketan, eremu honen inguruan kexa asko jasotzen ditugulako. Beraz, aurkezten diren irtenbideak interes handia izango dute guretzat eta behar diren ekarpenak egingo ditugu egoera hobetzeko.

Ezbeharren aurrean eskua luzatzen jarraituko dugu, helburu argi batekin: Ibarrako herritarren ongizatea bermatzea. Gure eraikuntza-lanean jarraitzen dugu etengabe eta Ibarrako herritarrei beraien kezkak, zalantzak eta ideiak gurekin partekatzeko gonbidapena luzatzen diegu. Sare sozialetan aurkituko gaituzte, Instagram edo Facebook bidez, baina baita kalean ere, noski, herrian zehar aurkitzen garenean esateko duten hori entzuteko gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!