Era berean, aurrekaririk gabeko koiuntura historiko partikular batean gaude: subjektu politikoen indibidualizazioa, globalismoak bultzatutako nazio-identitateen gutxiespena eta espainiar zein frantziar inperialismoaren zilegitasun sozialak ezaugarritutakoa. Eta errealistak izan behar dugu, kontzientzia nazionalik gabe, egoerak okerrera joko du. Egoera honetan, ordea, proposamenak erdiestea da zailena. Eta honats gakoa: nola ulertarazi egungo zein etorkizuneko belaunaldiei herri jakin bateko hizkuntzek, kulturek, usadioek, alegia, nortasun kolektiboek berbaitangoa balioa dutela? Nola eta zergatik hausnartu izan nahi dugunaz? Nola sustatu herri-kulturaren adierazpen ezberdinak?
Nortasun nazionalak ez dira soilik munduan «egoteko» modu bat; pentsamenduak, mundu- ikuskerak, jokabideak eta munduan «ekiteko» baldintzak ezartzen dituen egiturak, teknologiak dira. Sinplifikatuz, ez da gauza bera euskaraz edo gaztelaniaz zein frantsesez hitz egitea edo pentsatzea, ez da gauza bera kolonizatua izan den komunitate bateko kide izatea edo komunitate kolonizatzaile bateko kide izatea, eta ez da gauza bera esku pilotan edo futbolean jokatzea. Galdetu bestela sahararrei, palestinarrei edo korsikarrei ea gauza bera den sahararra edo marokoarra izatea, ea gauza bera den palestinarra edo israeldarra izatea edo ea gauza bera den korsikarra edo frantziarra izatea.
«Bada, ordea, iparrorratz historiko bat. 60ko hamarkadan, frankismo garaian, loraldi nazional bat gertatu zen hainbat mailatan. [...] Zein izan daiteke antzeko loraldi bat sortzeko pizgarria?»
Bada, ordea, iparrorratz historiko bat. 60ko hamarkadan, frankismo garaian, loraldi nazional bat gertatu zen hainbat mailatan: euskal sinbologia astintzen hasi zen debeku politikoen gainetik, ikastolak hedatu ziren, euskara estandarizatu zen eta mugimendu sozial zein erakunde abertzale anitz sortu ziren. Zein izan daiteke antzeko loraldi bat sortzeko pizgarria?
Egungo testuinguruak, ezinbestez, galderak ez ezik axiomak ere behar ditu: euskaldunak garelako, euskal nortasunaren biziraupena bermatu nahi dugulako eta Euskal Herri soberano batekin amesten dugulako, borroka abertzalea indarberritzeko hautua behar dugu. Txillardegik bikain iradoki zuen: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz».