Aldarrikapenerako une hori baliatu nahi izan dut gaur, heteroarauetik kanpo disidentzia sexualak gorpuztea ez baita erronka makala, eta erruaren nahiz lotsaren zama gainetik kendu ezinda ibiliagatik, geroz eta gehiago gara nor garen onartuz bakean bizitzea hautatzen dugunak, horretarako erasoei, irainei eta bazterketari aurre egin behar izan badiogu ere. Zoritxarrez, asko izan dira lehenago zama gehiegizko horri aurre egin ezinda utzi gaituztenak edo aktore-lanetan aritu behar izan dutenak bizirik jarraitzeko. Zorionez, eta gure eskubideak defendatzen egindako lanari esker, errazagoa da orain gure identitateak bere horretan bizitzea, gezur eta sekretuz eraikitako bizitzak alde batera utzita. Hala ere, ez dira nolanahiko erronkak faxismoaren mehatxu etengabekoari aurre egin beharra eta gizarte-sistema binario hertsiaren jantzian sartzea, horrek dakarren aje emozional erraldoiarekin batera.
Txikitatik norberak bere identitatea eta sentimenduak naturaltasunez gara ditzan, beharrezkoa da aniztasuna —kontzeptu lauso bezain zabala— gertu sentitzea familian, lagunartean, ikastetxean, hedabideetan, eta nola ez, kulturan. Euskal kulturaren esparru murritzean sortu dira azkenaldian proiektu interesgarri ugari kuir kultura eta iruditeria euskaraz garatzeko ahalmenarekin.
Ikasturteko, eta denboraldi batean behinik behin, azken Kultur Galbahe honetan hausnarketarako eta askapenerako proiektuak aurkeztuko dizkizuet, gure eskualdeak ere behar baitu saretze handiago bat gai honetan. Betiere aukera gehiago izango da horretarako kulturaren laguntzaz, hori baita elkar hobeto ulertzeko eta gizarte askeago bat eraikitzeko zubirik onena.
Eskerrik asko irakurtzeagatik, gozatu udaz eta kulturaz, eta gora Tolosaldeko mugimendu transmaribibolloa!
Euskoprincess
Totosaki
Euskoprincessek irudikatzen du emakume transen harrotasuna, benetakotasuna eta adorea. Bere lehenengo diskoak Totosaki izena du, eta izen japoniarra dirudien arren, Osakidetzan egindako sexu-aldaketaz ari da izenburua; horregatik diot harrotasunaren irudia dela, artistaren aurkezpen-proiektuak izenburutik beretik heltzen baitio trans izatearen gaiari.
Musikari dagokionez, doinu urbanoak, esperimentazioa eta lotsagabekeria uztartzen dira maisuki, eta seriotasuna alde batera utzita, festarako abestiak aurkezten digu jatorri hernaniarra duen artistak. Gaztetxotan Minet Peñak, Euskoprincessek, harreman estua izan du elektronikaren eta festaren kulturarekin (rutera kulturarekin, hain zuzen), eta hori ezin hobeto adierazten du Euskañol izeneko abestian; haren bideoklipa ere ikusgarria da. Diskoaren aurrerapen kantu horretan aipatzen du Hernaniko Zikuñaga auzoan jaio ondoren, Decibelian eta Zul-en hezi zela, eta giro zehatz bat gerturatu nahi digu 90eko hamarkadako elektronikaz bustitako abestian.
Mattin tolosarra izan du ekoizle disko honetan, musikari trebea musika-estilo oso desberdinak beren artean uztartzen: reggaetoia eta bumpinga, Brasilgo erritmo cariocak eta rave soinuak. Totosaki eta El Mixi abestiek erakusten dute Euskoprincessen potentzial guztia, eta Euskal Herritik kanpo arreta lortzen ari da lan honekin, berriki Primavera Sound jaialdian izan baita. Euskal musika mainstream-ak behar zuen periferiako ikuspegi hau, kode berriak eta gurean hain ezagunak ez diren doinuak gerturatzen baitizkigu.
20.000 erle espezie
Estibaliz Urresola Solaguren
Azken urteetan ikusi dudan pelikularik ederrenetakoa izango da ziurrenik 20.000 erle espezie; ez da agian irudi aldetik izugarria, baina pelikularen gaiari heltzeko moduak hasieratik harrapatu ninduen, zailtasun eta ertz askoko gaia bikain tratatzen baitu. Estibaliz Urresola Solagurenek idatzi eta zuzendutako pelikulak Koko haur transaren istorioa kontatzen digu, eta inguruan dituen emakumeek nola kudeatzen duten haren egoera. Hiru belaunaldi agertzen dira pantailan, egunerokotasuneko egoerak, eta Koko txikiaren deserosotasuna nahiz ezinegona bere emozioekiko, inguruak eragiten dionarekiko. Izugarria iruditu zitzaidan filmaren erdialdean anaiarekin duen elkarrizketaren eszena, oraindik korapiloa sortzen dit eztarrian.
Uste dut pelikula honek balio handia duela (eta izango duela) errealitate oso zehatz bati buruzko informazioa nahiz heldulekua emateko gizarteari, trans haurtzaroa ez baita oraindik ere oso ongi ulertzen gizartearen eremu batzuetan, eta gatazka asko sortzen ditu gurasoen zein familien artean. Beste behin kulturak irakasteko balio duela frogatzen da pelikula honen bitartez, eta gainera errespetu eta sentsibilitate izugarriarekin egina dago. Ziur nago haur, nerabe zein guraso askorentzat itsasargi bilakatuko dela filma.
Labar
Bitxiloreak txerriei
Iaz hasi zuen Iñi Etxezarretak Labar proiektua, bere musika-erreferentzia guztiak proiektu honetan iraulita, eta doinu urbanoak, elektronika eta euskara ditu ardatz. Desira eta doinu irudimentsuak aurkezten ditu, eta belaunaldi aldaketaren adierazle diren letra probokatzaileek askori deserosotasuna eragingo diote.
Bitxiloreak txerriei bigarren EPan Chill Mafiako Kiliki Frexkoren laguntza izan du ekoizpenean, eta autotunearen iragazkiaren bitartez tradizioarekin hausteko esaldiak botako dizkigu, amorruz eta ironiaz; artista ikonoklasta da, eliza eta familia nuklearra zalantzan jartzen ditu, horien eguneroko zamari pisua kendu nahi die, alde batera utzi nahi ditu.
Euskadi Irratian emandako elkarrizketan aipatu zuen hitzekin justifikatu nahi izan zuela proiektuaren funtsa, baina konturatu zela gorputza jartzean, beste dimentsio bat ematen ziola proiektuari. Irudi disidente ez-bitar bat aurkezten du Labarrek, eta asko miresten dut, zaurgarritasuna eta adorea nahasten dituelako artistak proiektuan. Nire gogokoenak dira Txistua botako dizut (iazko Zalantza EPkoa) eta estreinatu berri duen Aranburu.
Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea
Baztanen hazi zen Hasier Larretxea poeta, eta mutil koxkor haren bizipena eta ibilbidea kontatzen ditu liburu honetan, sorterritik ihes egin eta itzultzearen kontakizuna. Autobiografia gisa definitu du idazleak bere lan hau, eta jatorri nahiz garai desberdinetako testuak biltzean, genero literario hibrido bat lortu du. Hasierrek aitarekin izandako harremanaz asko idazten du, izan ere, herri-kiroletan aritutakoak dira idazlearen familiako gizonak, eta kontatzen du nolakoa izan den soka luze horri eutsi ezina, horrek aita-semearen arteko harremanean zer eragin izan duen. Horrela, aizkora lumagatik aldatu zuen semearekin ikasi egingo du aitak, beste errealitate bat ezagutuko du semearen bitartez, eta erlazio aberats bat lortuko dute, lan sakonaren emaitza.
Testuaren bitartez iraganera salto egiten du idazleak, eta modu horretan egiten du bere haurtzaroaren nahiz nerabezaroaren irakurketa, eta ibilbide hori baliatuta azalduko ditu bidean deskubritutakoak, 90eko hamarkada nola bizi izan zuen eta sentitu zuen bakardadea.
Landa eremuan, eremu euskalduneko herri txiki batean haur batek homosexuala izateari aurre egin behar dio, herri-kiroletan ezaguna den familia baten barruan gainera, eta uste dut gure eskualdeko herri txikietan izango dela Larretxearen kontakizunarekin bat egingo duenik. Behar-beharrezko testigantza.